Orain arteko edukiontzi berdea kendu, eta horren ordez errefusarentzako edukiontzi grisa jarriko dute abenduan. Astean behin, asteazkenetan, bilduko dute errefusa
Enrike Enparantza, Ioritz Imaz eta Iñaki Erauskin.
Idiazabalen, abenduan, zaborra biltzeko sistema berria jarriko dute abian. Sistema horretan, egungo birziklatzeko lau edukiontziak mantenduko dira (beira, papera, ontziak eta organikoa).
Betiko zabor-edukiontziaren ordez, ordea, edukiontzi grisa jarriko da. Edukiontzi grisean errefusa biltzen da, hots, birziklatu ezin daitezkeen hondakinak. Sistema aldaketa hau aho batez onartu du Idiazabalgo Udalak.
Errefusaren ontzia beti itxita egongo da, eta astean behin ireki ahal izango da, asteazkenetan. Txartela beharko da horretarako.
Udaletxean banatuko dituzte txartelak azaroaren 9tik 13ra bitartean, eta herritarrak bertara joan beharko dira txartela hartzera. Ordutegia honakoa da:
- Azaroak 9, 10, 11, 12 eta 13 (astelehenetik ostiralera): 9etatik 14tara
- Azaroak 10 (asteartea) eta 12 (osteguna): 16tatik – 19tara
Hala ere, azaroaren 3an arratsaldeko seietan herri batzarra izango da udaletxean, herritarrek dituzten zalantza eta zehaztasunak argitzeko. Ioritz Imaz Idiazabalgo alkateak adierazi duenez, orain gaikako bilketan ia %47a birziklatzen da, eta sistema berri honen erabilpenarekin, behintzat,
%75era iritsi nahi da. Azaldu du ez dela horren aldaketa handia izango, eta “lagundu” egin behar zaiola birziklatzen ez duenari. Horregatik, duela gutxi jarri zituzten kalean ere errefusa biltzeko ontziak. Gainerako edukiontziak bere horretan jarraituko dute, irekita. Organikoa irekitzeko, berriz, txartela erabiltzen dute idiazabaldarrek.
Gaur egun Idiazabalen dauden zabor-ontziak
Bestalde, taberna, eskola zein dendekin bilduko dira laster, sistema berriarekin nola antolatu behar diren azaltzeko. Gainera,
behar bereziak dituztenentzako, esaterako haurrak eta adineko pertsonak, pixoihalentzako
edukiontzi bereziak jarriko dituzte,
edozein unetan ireki ahalko direnak. Eskaera hori udaletxean egin beharko da.
Ioritz Imaz alkateak, Iñaki Erauskin eta Enrike Enparantza Sasietako teknikariek bat egin dute sistema aldaketaren onurekin. Enparantzak azaldu du
Olaberrian eta
Zegaman ere zabor bilketa sistema hau dutela, eta denbora gutxian emaitza oso onak lortu dituztela. Imazek azaldu du eragin ekonomikoa ere kontuan izan behar dela. Ahalik eta kostu gutxien duen sistemarekin emaitza hoberenak lortu nahi dituztela, alegia. Izan ere, birziklapen sistema berriaren emaitzak onak izaten badira, 2017ko herritarren zabor tasetan ere jaitsiera izan daitekeela esan du.