EH Bilduk ez du “inondik inora %40eko igoera bat ikusten”. Bestetik, Kaleratzerik Gabeko Herria izango da Beasain.
Kaleratzeak Stop plataformaren mozioa onartu zen aho batez.
Atzo iluntzean Beasainen egin zen udalbatzak, besteak beste, 2016 ordenantza fiskalak onartu zituen. Tasa gehienek ez dute igoerarik izango, baina zabor tasak izango du igoerarik handiena. Igoeraz gain, aurreko bi urteetan hondakin organikoa birziklatzeagatik izan zen 20 euroko hobaria kendu egingo dute, guztientzat tasa bakarra ezarriz. Honela, 2016an 112 euro ordaindu beharko da zabor bilketagatik. Iaz, hondakin organikoa birziklatzen zuenak 80 euro ordaindu zuen zabor tasa eta hondakin organikoa birziklatzen ez zuenak 100 euro. Datorren urtean, igoera dela eta, bi alditan egingo da ordainketa.
PSE eta EH Bildu igoeraren aurka agertu dira. Oposizioan zegoenean eta gobernuan egonda desberdin jokatzea salatu dio Santi Urdapilletak sozialistak EAJri, besteak beste, iaz ez baitzuen hobaria kentzea onartu. Aldasorok aurreratu zuenez, “aurreko legealdian erabaki genuen edukiontzi grisa jartzea. Edukiontzi grisa egonda hobaria bertan behera uztea da logikoena, ezinbestekoa izango delako txipa erabiltzea bai errefusarako eta bai organikorako”.
EH Bilduk ez du “inondik inora %40eko igoera bat ikusten”. Koalizio abertzaleak garbi du igoera bat eman behar dela: “Aurreko legealdian ere eman ziren %8ko igoerak, orain ere horrelako igoera bat ematea planteatzen dugu, %8-10, urtetik urterako igoera lineal bat izatea”. Hobaria kentzea egoki ikusten dute. Aurreko legealdian ere erabaki horren alde egin zuela gogoratu du. Baina sarrera eta gastuen arteko oreka bat bilatu behar dela uste dute: “Oreka hori bilatzeko argi dago birzklatze tasa igo egin behar dela bilketa sistema egokia bilatuta. Argi dago birziklapen tasa hori igota gastua askoz ere txikiagoa izango litzatekeela”. Birziklapen tasa igotzen lana egitea ikusten du bidea EH Bilduk, “horrek ekarriko baitu tasaren merkatzea eta herritarrek egin beharreko ekarpena txikiagoa izatea.
Aitor Aldasorok, EH Bilduri erantzun zion, aurreko legealdian ez zela orain proposatzen duten linealtasunik egon: “Ez dut ikusten linealitate hori aurretik eman denik eta beharrei erantzun zaienik”. Horrekin batera, hainbesteko igoera, “aurretik ez delako behar adina igo” dela dio. “Sasietak eskatzen dizkigun zenbaki batzuetara iritsi behar gara”.
Kaleratzerik Gabeko Herria
Bestetik, Kaleratzeak Stop plataformak proposatutako mozioa aho batez onartu zen. Beasain, Kaleratzerik Gabeko Herri izatea onartu dute. Ondorioz, “udal honek beharrezko diren baliabide eta neurri guztiak erabiliko ditu lehen etxebizitzako kaleratzeko eta irtenerazteak geldiarazteko, eta behar izanez gero, bizileku bat izateko aukera bermatzeko”. Era berean, finantza erakundeena joko duela onartu dute kaleratzeak geldiaraz ditzatela eskatzeko.