Bizilagunak egitasmoa Ordiziara ere iritsiko da aurten
Jatorri ezberdinetako familiak elkartu eta elkar ezagutzea. Helburu horrekin sortu zuten Bizilagunak egitasmoa, SOS Arrazakeriak eta Mugak zentroak bultzatuta. Ideia, “elikagariak, ohiturak, bizipenak, kultura, hizkuntzak, esperientziak” eta abar elkarbanatzea da, eta bide batez, bizilagun baina era berean ezezagun ditugunak ezagutzea.
Gipuzkoako hainbat herritan martxan jarri izan dute egitasmoa azken urteetan, tartean Beasainen. Orain, Ordiziak ere bat egingo du proiektuarekin, eta azaroaren 22an egingo den Bizilagunak egunean parte hartzeko deia egin diete herritarrei. Parte hartu nahi dutenek, bi bide dituzte izena emateko; telefonoz, 943 32 18 11 zenbakira deituta, edo posta elektronikoz, info@mugak.org helbidera mezu bat bidalita. Egitasmoaren inguruko informazio gehiago, Mugak zentroaren webgunean aurki daiteke.