Eskualdeko gazteen ahotsa entzuteko gunea
Gazteen nahietatik eta beharretatik abiatuta, arazoak, proiektuak, ilusioak, aldarrikapenak eta gogoetak bilduko dituen gunea sortu dute Goierriko gazteek. Ta hik? proiektuaren eraketa ...
Gazteen nahietatik eta beharretatik abiatuta, arazoak, proiektuak, ilusioak, aldarrikapenak eta gogoetak bilduko dituen gunea sortu dute Goierriko gazteek. Ta hik? proiektuaren eraketa fasean murgilduta daude orain.
Gazteen bozgorailu izateko helburuarekin sortu dute Goierrin Ta Hik? proiektua. Garapen fasean daude oraindik, baina argi dute gunearen izaera zein izan behar den: «Goierriko gazteon zein gazte eragileen deialdiak, arazoak, proiektuak, ilusioak, aldarrikapenak, gogoetak eta bestelakoak zabaltzeko eta nahi bezain beste eztabaidatzeko aukera eskainiko duen gunea».
Gazteen nahietatik eta beharretatik abiatuta, «anitza, irekia, parte hartzailea eta askea» izango da Ta hik? proiektua. Sortze bidean daude orain, udan hasitako bideari jarraipena ematen. Hala jakinarazi du proiektua garatzen ari diren taldeak: «Uda aldera biltzeari eta proiektuaren oinarriak finkatzeari ekin genion. Behin oinarriak adostuta, proiektuaren eratze fasean murgilduta gaude».
Proposamenak jasotzen
Prozesu honetan, baina, eskualdeko ahalik eta gazte gehienek parte hartzea nahi dute, denen artean «proiektua konpartitu, definitu eta eraiki» ahal izateko.
Horretarako proposamenak jasotzen aritu dira, bihar, urriak 31, Beasainen egingo duten asanbladan denak eztabaidatzeko. 11:00etan elkartuko dira, Loinazko San Martin plaza azpian.
Ekarpenak, ezinbestean
Beasainen egingo duten bilkurara joaterik ez duenak, gaztekomunikazioa@gmail.com helbidera bidali ditzake ekarpenak eta proposamenak.
Facebook eta Twitter komunitateetan kontua du Ta hik? proiektuak eta atari horien bidez ere egin ahalko da proiektuaren inguruko jarraipena. Hala, bai Facebooken eta bai Twitterren proiektuaren berri emateko Ta hik? leloa erabiltzeko eskaera egin dute.