Halaber, koalizioak Foru Aldundiari eskatu dio lan egin dezala Renfe ahalik eta azkarren Mugi txartel bakarrean integratzeko
Renferen Irun-Brinkolako trenbide zatia, Legorreta parean.
Irun-Brinkola trenbidean “urgentziazko hobekuntzak” egiteko eta segurtasun neurriak hartzeko eskatu du gaur EH Bilduk, prentsa ohar bidez. Koalizioak salatu duenez, Irundik Brinkolara doan trenbidea eta bere azpiegitura osoa “zahartuta” gelditu dira. “Egunero 25.000 gipuzkoarrek erabiltzen duten arren, zerbitzua kaskarra da, irisgarritasuna ez da bermatzen eta segurtasun falta larria da”. EH Bilduren proposamena bihar eztabaidatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietako osoko bilkuran. Trenbidearen kudeaketa Eusko Jaurlaritzaren esku uzteko eskatu du, eta era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari galdegin dio Renfe “ahalik eta azkarren” Mugi txartela bakarrean integratzeko.