Legazpin edukiontzi grisak jartzen hasi dira
Gaur hasi dira Legazpin errefusarentzako edukiontzi grisak jartzen. Egunero erabili ahal izango dira, 18:00etatik 00:00etara. Edukiontzi grisa zabaltzeko, poltsa konpostagarriak lortzeko erabiltzen den txartela erabili behar da. Txartela ateko pegatina gainean jarri behar da.
Abenduan galdeketa egin arte, bi sistema egongo dira Legazpin organikoa era errefusa jasotzeko: nahi dutenek atez ateko sistema erabili ahal izango dute eta nahi dutenek edukiontzi grisa eta marroia erabili ahal izango dituzte.
Lehen edukiontzi grisak Urtatza 27, 69 eta 49n jarri dituzte. Gaur arratsaldetik aurrera erabili ahal izango dira. Bihar Urtatza 42n eta Lau-Bide 16 eta 21en jarriko dituzte, etzi San Juan 21 eta 1en eta San Inazio 44an eta ostiralean San Inazio 37, 23 eta 7n.
Gainontzekoak datorren astean jarriko dituzte: 9an San Martin plazan eta Arantzazu 5 eta 23n, azaroak 10ean Itxaropen-Aiztonagan, Itxaropen 5en eta Aizkorri 15en, azaroak 11n, Aizkorri 26en, Bikuña 4en eta Plazaola 23n, azaroak 12n Aizkorri 9n, Latxartegi 2n eta Santikutz 10en, azaroak 13n La Salle 3n, Kale Nagusia 25en eta Azpikoetxe-Ormakion eta azaroak 16en, Azpikoetxe 5en eta Plazaola 3 eta 11n.
Koldobike Olabide alkateak eta Oscar Valbuena zinegotziak prentsaurrekoa eman dute edukiontzi berrietako baten aurrean. Legazpiarrak orain arte gauzak ondo egiten dakitela erakutsi dutela esan dute eta bizilagunak birziklatzen jarraitzera animatu dituzte. Bi zabor bilketa sistemak errespetatzeko deia egin diete legazpiarrei.