Ekaitz Goikoetxeak dinamizatuta, gazteen irakurle taldea martxan jarriko dute ostiralean Beasainen. 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzako eskaintza da, euskarazko irakurketa gozagarria sustatzeko asmoarekin.
Dagoeneko sei gaztek azaldu dute gazteen irakurle taldean parte hartzeko interesa.
Gero eta «mobilizatuagoa» eta «enpatailatuago» den gizarte honetan, badira irakurketa patxadatsua eta gozagarria gustuko duten gazteak. Ekaitz Goikoetxeak, elkargunea sortu nahi du irakurketaz gozatzen duten gazte horientzat. 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzako eskaintza da. Ostiralean, azaroak 6, Igartzako jauregian elkartuko dira lehenengo aldiz 17:45ean, eguna, ordua, tokia eta funtzionamendua adosteko. Hilean behin bilduko da taldea.
Irakurzaletasuna bultzatu
Goikoetxea Euskal Hizkuntza eta Literaturako irakaslea den aldetik, zalantzan jartzen du ikastetxeetan irakurzaletasuna bultzatzeko ikastetxeek daramaten modua: «Irakurzaletasuna sustatu nahian, oro har, eta salbuespenak salbuespen, hiruhileko bakoitzean irizpide jakinen arabera hautatutako liburu bat (edo bi) irakurtzen derrigortzen ditugu ikasleak. Denek egun bererako irakurri beharreko liburu bat eta bera».
Funtzionamendu horrek, ordea, arazoak sortzen ditu beasaindarrarentzat: «Maila berean 80 ikasle ezberdin baditugu, pentsatzekoa da nork bere gustuak, beharrak, interesak, gabeziak, izango dituela. Nork bere irakurketa ohiturak eta erritmoak ditu. Irakurzaletasuna sustatu beharrean, ikasleak liburu hori irakurri duela ziurtatu nahian gabiltza».
Plazerez irakurri
Helduen irakurle taldeak duen arrakasta ikusita, gazteei ere aukera eskaini nahi diete: «Hitz egin dezagun, zer behar ditugun, nondik elikatzea gustatuko litzaigukeen patxadaz, euskaraz, eta ahalik eta gehien gozatuz». Inguruan ez du horrelako egitasmorik ezagutzen baina formula egokia iruditzen zaio, plazerez irakurtzeko eta irakurzaletasuna sustatzeko: «Irakasle naizen aldetik, konturatzen naiz, ikastetxeetako egunerokoan askotan zaila dela tarte bat aurkitzea plazerez, denboraz, patxadaz irakurketa bat behar bezala lantzeko».
Gazteen intereseko gaiak
Euskarazko irakurketaren bidez, gazteen intereseko gaiak landuko dituzte. «Saiatuko gara irakurzaletasuna bultzatzen gazteen nahietatik abiatuta. Eleberriez harago, poesia, komikia, musika, filmak… ere landuko ditugu», dio Goikoetxeak. Rapa ere beste aukera izan liteke: «Azkenaldian rapa ere badago, eta oso interesgarria da eta batzuei behintzat gustatzen zaie». Taldean irakurtzea erabakitzen duten liburua Beasaingo Udal Bibliotekan maileguan hartzeko aukera izango da.