Sasieta-GHK ituna zapuztea EAJren erabaki politikoa dela dio EH Bilduk
Hitzarmena Sasietaren egoeraren «irtenbidea» zela ziurtatu du koalizioak. EAJk atzera egitea maniobra politikotzat jo du. Hitzarmenak diru sarrera ziurtatuko zukeela dioSasieta Mankomunitatearen diru kontuetako 1,6 milioi euroko deskuadrearen harira,...
Hitzarmena Sasietaren egoeraren «irtenbidea» zela ziurtatu du koalizioak. EAJk atzera egitea maniobra politikotzat jo du. Hitzarmenak diru sarrera ziurtatuko zukeela dio
Sasieta Mankomunitatearen diru kontuetako 1,6 milioi euroko deskuadrearen harira, Goierriko EH Bilduk agerraldia egin zuen, atzo, Lazkaon. Sasietak eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak aurreko agintaldiaren bukaeran negoziatu zuten hitzarmena «alternatiba» zela defendatu du koalizioak —bi erakundeetan bera zen agintari—, eta gobernu aldaketen ondoren, EAJk itunari jarraipena ez ematea «erabaki politikoa» izan dela salatu du.2011-2015 aldian Sasietaren lehendakari izan den Azeari Andonegik esan du hitzarmen hark «Sasietaren eta zabortegiaren egoerari irteera» emango ziokeela. «1.665.000 euroko zorra herritarrei ordainaraziko ez liokeen irtenbide bat zen».
Andonegik ziurtatu du EAJko agintari berriei ekainean eman ziela GHKrekin hitzartuta —baina ez sinatuta— zeukaten itunaren berri. «Bertan behera uztea aurrez landutako erabaki politiko bat izan da. GHKrekin adostutako irtenbidea esku artean zeukan EAJk, eta atzera egitea erabaki du. Zergatik? Beraiei galdetu, ez guri. Ekainetik urrira bitarteko astia izan du EAJk hitzarmena aztertu eta atzera botatzea erabakitzeko. Eta horren ondorioen jakitun izan da».
Diru iturriak ziurtatuta
Sasietak eta GHK-k zuten tratuaren arabera, Beasaingo zabortegian —Gipuzkoako hainbat mankomunitateren zaborrak jasotzen zituen— urtebeteko «geldialdi teknikoa» egingo zen, jaurlaritzak behartutako hainbat obra burutzeko. EH Bilduren arabera, Sasietan beste urtebetean hondakinak botatzeko adina toki badago oraindik, «167.000 tona inguru jasotzeko».
Lohien egonkortze lanak eta iragazgaitasun estalketak egin ondoren, zabor gehiago jasoz eta tona bakoitzeko 78,45 euro kobratuz —hitzarmenean prezio hori zehaztu zen—, 13.101.150 euroko sarrera jasoko zukeen Sasietak, behin berriz irekitakoan.
Sarrera horri obren kostua (lohiak egonkortzea 1,7 milioi, iragazgaiztea 3) eta funtzionamendu gastua (urteko kudeaketa 3 milioi, lixibiatuen tratamendua milioi bat) kenduta, hala eta guztiz Sasietak 4.401.150 milioiko emaitza positiboa izango zukeela ziurtatu du EH Bilduk.
«Propagandarik ez»
Kudeaketa Bilduk izan zuenean, zaborren gaian «alternatiba bat» jarri zutela oroitarazi du Andonegik. «Orain EAJ dago. Borondate politikoa baldin badago, herritarren kaltera etorriko ez den alternatiba jar dezatela, eta utz diezaiotela behingoz guztia nahasteari eta dagokien lana egiteko aitzakiak jartzeari. Goierritarrek irtenbidea behar dute, ez hauteskunde-propaganda».
Hitzarmena gaur egungo GHKrekin negoziatu eta, batzarrean onartu ondoren, sinatzeko eskatu dio EH Bilduk EAJri.












