Eluska Ibarguren (Altzagako alkatea): "Bizia eta bizitasuna eman nahi diogu Altzagako herriari"
Hogeita lau urteren ondoren, alkatea aldatu dute Altzagan. Eluska Ibargurenek (Ordizia, 1978) hartu du makila. Erretoretxea berritzen hasi dira, eta errepidea herri erditik desbideratu nahi dute. Bestetik, duela bi neguko euriteek eragindako lur mugimenduen arazoa ere konpondu nahi dute, etxebizitzen atzeko mazelan. Goierriko Hitza-k Goierriko 22 alkateei egin dien elkarrizketa multzoko azkeneko emanaldia da hau, paperean gaur argitaratu dena.
Altzagarra al zara jaiotzez?
Berez Ordiziakoa naiz, 2003tik bizi naiz Altzagan. Etxe berriak egin zituzten, jende gaztea behar zuten, eta animatu ginen hona gora igotzen. Aitaren anaia-eta hemengoak ziren, herria ezagutzen genuen, eta horregatik igo ginen. Gustura bizitzen da hemen. Herri lasaia da, polita. Kotxea behar duzu, eta baditu bere eragozpenak.Baina, bestela, oso gustura, egia esan.
Hamabi urte Altzagara etorri zinela, eta udalaren ardura eman dizute, edo hartu duzu.
Bai. Lehengo alkateak urte asko zeraman, eta udal berria nahi genuen. Taldetxo bat osatu genuen, eta azkenean eman genuen pausoa. Baiezkoa ala ezezkoa pentsatzen urte bat bageneraman; inor ez zen animatzen. Baina orain zen garaia, sartu ginen eta ondo atera da. Herritarrek oso gustura hartu dute aldaketa.
Altzaga 1991n atzera udalerri bihurtu zenetik orain arte alkate bat bakarra egon da, beti. Aurreko agintaldia Kudeaketa Batzorde batek bukatu zuen. Giroa nahasia dago oraindik?
Oraindik badago. Orain arteko alkateak aldaketa eskatzen zuen lehenago, jende berria sartzeko. Baina berak parte hartu nahi zuen. Guk, berriz, esaten genuen gauza berriak ateratzeko eta herria eta alkatetza berritzeko, beste jende bat eta gaztea behar zela. Ez dakit ondo hartu zuen ala ez, baina zerbait nabaritu da. Pentsatzen genuen gogoz hartuko zuela aldaketa; baina ez dakit nola hartu duen. Ez dago tratu asko. Denborak sendatuko ahal du min hori.
Hauteskundeetan bi talde eratu ziren herrian, aurreko agintaldiko hutsunea ez gertatzeko —PPk eduki zuen aukera zinegotziak sartzeko—. Ildo desberdinetako taldeak ziren?
Ez, ez da politika aldetik. Independenteak gara denok, herriko jendea. Azkenean talde ofiziala atera zen, baina bileretara bi taldeetako jendea etortzen da, eta proposamenak egoten dira. Politikan ez gara sartzen, hori aparte uzten dugu. Ikusten duguna da herria nola aurrera eraman: herrian zer egin behar den, herritarrek zer behar dauzkaten, eta dirua sartu ahala horiek egin.
Berritu da udalbatza, hasi da lana. Zer egin nahi duzue?
Orain Erretoretxea berritzen ari gara. Herriko etxe zaharrenetakoa da, Altzaga sarreran dago, eta zegoen bezala ezin zen utzi. Sartutakoan herriari itxura bat emateko, konpontzea erabaki dugu. Lehenagoko harria aterako zaio. Egoera nahiko txarrean zegoen, uste genuena baino okerrago, eta den-dena berrituko dugu, goitik behera.
Zertara bideratu nahi duzue Erretoretxea?
Kultur etxea egingo dugu: haurrentzat liburutegia, tailerrak, antzerkia… jartzeko. Bai umeek, bai gazteek, kultura arloan leku bat eduki dezaten. Beheko zatia udalarentzat izango litzateke, biltegitarako. Faseka berrituko dugu, sartzen diren diru laguntzen arabera. Diru asko da, eta Altzagak ez dauka hainbeste.
Zein beste fase aurreikusi dituzue berrikuntza horretan?
Erretoretxearen ondoan beste etxetxo bat dago, bizilagun batena. Ea nola eramaten dugun gaia, harekin eginda berritu edo zer. Baina herri sarrerari itxura bat eman nahi diogu, sartutakoan polit eta elegante ikusteko.
Beste proiekturik badaukazue, azpiegitura arloan?
Errepidea desbideratzeko aldundiarekin hitz egin nahiko genuke, dirua balego. Bidea herri erdi-erditik pasatzen da, eta udaletxe aurrean-eta plaza bat egin nahiko genuke. Ez dira kotxe asko pasatzen, baina horiek nahiko azkar; umeengatik-eta azti ibili beharra dago. Aldundiak uzten badigu, ea azpialdetik egiterik dagoen errepidea.
Saihesbide modura?
Bai, bide bat elizaren behealdetik aterata, gorantz jarraitzeko. Badakit lan oso gogorra dela, dirutza handia izango dela aldundiarentzako. Oraindik ez dago proiekturik. Baina ea ahal den.
Gero, 2013ko euriteekin, lur jausiak izan ziren, eta oraindik kili-kolo dago gai hori. Presazko zerbait egin zen, baina egin zen egin zena. Etxebizitzen atzeko lurra behera erori zen; lurra kendu eta horma bat egin zen. Baina oraindik mugitzen ari da mendia. Gehien kezkatzen gaituena hori da, hurrena.
Zein urrats egingo duzue?
Azterketa geotekniko bat egin beharra dago, lurra nola dagoen ikusteko. Eta ziurtatzeko eta egonkortzeko modu egokiena zein izango den aztertu behar da. Datorren urterako eginkizuna hori da. Dirutza handia izango da lurra egonkortzea.
Aipatu dituzun bi proiektu umeekin eta gazteekin zuzenean lotuta daude: egoteko lekua Erretoretxean, eta errepidea kendu eta plaza egokitu. Etorkizunak kezkatzen zaituzte?
Bai. Bizia eta bizitasuna eman nahi diogu herriari. Jatetxeetara-eta jende asko etortzen da; gustura eta lasai egoteko, umeen segurtasun aldetik da errepidearena. Herri polita da. Aurrera ateratzen eta gauza berriak jartzen segi nahi dugu. Ea jendea bizitzera etortzen den.
Biztanleria jaitsiera sumatu duzue? Zenbat lagun zarete?
Bai, jaisten ari da, eta etortzen denarentzat ere hemen ez dago asko egiterik. 162 inguru gara. Ez dago industriarik. Jende asko kanpora joaten da lanera. Afaldu eta lo egiteko da. Asteburuetan, behintzat, frontoia hor daukagu, parkea ere berritu nahi dugu… Giroa indartu. Neguan zaila izaten da, herri hauek hilda bezala geratzen direlako; baina, bestetan, kaleko giroa egon dadila.
Industriarik eta aktibitate ekonomiko handirik gabe, sarrera propio gutxi izango du udalak. Ekonomikoki nola dago?
Sarrerak eta irteerak parekatzen saiatzen gara. Ez dago zorrik, ez mailegurik. Dirua baldin badago egiten dugu, eta ez badago, ez. Ez gara mailegu bat eskatzen hasiko, zeren gero diru hori biztanleek jarri beharra daukate. Ez baldin badaukazu, ez da logikoa dirua gastatzea. Orduan, diru laguntzekin saiatzen gara gauzak egiten.
Funtzionatzeko eran zerbait aldatu nahi duzue udalean?
Udalbatzarrak noiz izango diren eta zer landuko den, posta elektronikoz edo arruntez zabaltzen hasi gara. Lehen udaletxean jartzen zen, baina jendeak ez zuen jakiten eta ez zuen parte hartzen. Urte bukaera aldera, liburuxka bat atera eta banatuko dugu, udalaren asmoak eta orain arte egindako obrak edo gauzak azaltzeko. Herritarrek eduki dezatela udalaren informazioa. Ez daukagu ezkutatzekorik ezer. Komunikazioa nahi dugu, eta jendeak parte hartzea.
Zein bilgune daude herritarrentzat, parte hartzeko?
Osoko bilkurak. Jendea etortzea gustatuko litzaiguke, iritzia eman eta ikusten dituen beharrak adierazteko. Gu herrian gaude, baina Sarasola aldekoak, edo Abaliak, edo Altzagaratekoak ere hor daude. Askotan, ez dugu jakiten zer behar dituzten. Ireki-irekia plenoa da hiru hilabetero, edo beharraren arabera.