Euskal zinearen B aldea
Fantasiazko eta beldurrezko zinema oinarri hartuta, «euskal bideogintzaren argazkia» egin nahi izan dute, 26 talde eta egile bilduko dituen filma osatuz; Datorren astean ...
Fantasiazko eta beldurrezko zinema oinarri hartuta, «euskal bideogintzaren argazkia» egin nahi izan dute, 26 talde eta egile bilduko dituen filma osatuz; Datorren astean aurkeztuko dute ‘Euskal Harriaren ABDak’ film kolektiboa.
Euskal zinema aspaldiko garai gozoenak bizitzen ari da, eta denen ahotan dabiltza Loreak eta Amama bezalako filmak. Euskal zineak badu beste alde bat, ordea: laburmetraietan eta bideogintzan afizioz jardutzen duten dozenaka zalerena. Horietako batzuk bildu eta egitasmo berri bati ekin diote: beldurrezko eta fantasiazko zinemagintza oinarri hartuta, Euskal Harriaren ABDak film kolektiboa osatu dute. Bertan parte hartu duten egile goierritarrekin izan da GoiBerri.
Proiektuaren ernamuina izan den taldean aritu dira hasieratik Mikel Alvarez eta Jon Artola beasaindarrak. Izan ere, Katiotsak taldearen ingurutik sortu zen ideia. Hasierako asmoa «Ataun of the dead filmaren hirugarren zatia» egin eta hura aurkezteko laburmetrai batzuk egitea bazen ere, elkarrekin bildu zirenean, ideiak beste forma bat hartu zuela azaldu dute. «Horren inguruan hitz egiteko elkartu ginen, garagardo batzuen inguruan; pilota pixkanaka handitzen joan zen eta bizi propioa hartu zuen». Hala, hasierako asmoa baztertu eta Euskal Herriko jende ezberdinak parte hartuko zuen filme bat egitea erabaki zuten.
Artolaren arabera, «kontua handitzen» joan zen eta «gero eta sare zabalagoa» osatzen hasi ziren. Aurreneko gonbidapenak «proba moduan» egin zituzten, «baina jendearen erreakzioa ikusita pentsatu genuen, zergatik ez dugu egiten euskal bideogintzaren argazki orokor bat?». Hala, laburmetrai egile profesionalak eta bideogile amateurrak bilduko zituen proiektu bati ekin zioten.
Oinarria garbi
Hasieratik garbi izan dituzte proiektuaren oinarriak. «Produkzio osoak euskaraz eta Euskal Herrian egina izan behar zuen, euskal elementuren batean oinarritua, eta genero moduan beldurra, fantasia eta zientzia fikzioa izango zituena». Genero horren zergatiaz galdetuta, «zerbait ezberdina» egin nahi zutela esan du Alvarezek. «Gu euskaldunak gara eta euskaraz bizi gara, baina zenbait gustu edo zaletasunetan ez dugu edukirik euskaraz». Azken aldian euskaraz zine gehiago egiten bada ere, «orain arte gutxi landu den generoa» dela uste du; hala ere, «asko ematen duen generoa da, askatasun handia ematen du, eta gainera, egiterakoan ere ondo pasa dezakezu». Hala ere, apaltasunez hartzen dute egitasmoa. «Honek ez du euskal zineman eragiteko inolako anbiziorik, honekin ez dugu zinea aldatuko. Hau harrikara bat da, baina behintzat Victoria Eugeniako aurkezpenera joaten garenean, egindakoarekin gustura eta harro joango gara».
Sekretupean
Proiektuaren lehen lantaldea 2014ko ekainean hasi zen biltzen, eta gonbidapenak uztail aldera bidali zituzten. Harrezkero proiektua sekretuan mantentzea lortu dute, eta asko harritu egin ditu horrek. «Galdetu izan digute ea nola den posible urte eta erdian sekretuan mantentzea, baina guretzako erraza izan da, jendeari ezer ez esateko eskatu genion, eta ez dute ezer esan».
Izan ere, gonbidapenetatik hasita, oso ondo zaindu zituzten xehetasun guztiak. Jendeari «txosten sekretu bat» bidali zioten; «pergamino bat zen, logia ikutu horrekin». Izan ere, detaile bakoitzari «20.000 buelta» eman dizkiote.
Letra bat, labur bat
Euskal Harriaren ABDak 26 letra izango ditu, eta horietako bakoitza laburmetrai bat izango da. Eñaut Tolosa beasaindarrari A letra egokitu zitzaion. Filmeko «lehen laburmetraia izatearen erantzukizuna» sentitu zuela azaldu du, eta hasieran, «zerbait handia egiteko beharra» sentitu zuela. «Baserri batean egiteko ideia nuen, eta ekipoarekin joan nintzenean, han hasi ziren, hemen grua bat sartu behar dugu, hor travelling bat… eta pentsatu nuen, baserria erori egin behar da!». Orduan norabidez aldatu eta beste era batera hartzea erabaki zuen: «Zerbait punkiagoa egin eta gozatzea».
Urretxu-Zumarragako KKinzona taldekoak ere gozatu egin dute esperientziarekin. Laburmetraia «modu horizontal eta autogestionatuan» egiteak espero baino zailtasun gehiago sortu dizkiela aitortu dute, baina «oso gustura» daude emaitzarekin. Jende gehiagok lagundu badie ere, 8-10 lagunen artean egin dute lanik handiena.
Alvarezek eta Artolak ere labur bat egin dute. «Gu zaleak gara, gidoi eta edizio aldetik ondo moldatzen gara, baina errodaje aldetik ez daukagu ideiarik ere». Hala, ondo grabatu zezaketen zerbait egitea pentsatu zuten, eta dokumental faltsuaren aldeko apustua egin zuten. Bidean «asko ikasi» dutela azaldu dute.
Behin grabaketa eta edizio lanak bukatuta, orain lana jendaurrean aurkeztea besterik ez zaie gelditzen. Horretarako, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea izango dute erakusleiho garrantzitsuena. Izan ere, azaroaren 5ean Victoria Eugenian eskainiko dute Euskal Harriaren ABD-ak filma. Hilaren 13an, berriz, Euskal Herriko zazpi hiriburuetan batera estreinatuko dute. Handik aurrera, herriz herri ibiliko dira, kultur etxe, gaztetxe, taberna eta bestelako lekuetan beraien lana aurkezten.
26 Egile
Euskal Herriko zazpi lurraldeetako 26 talde edo zuzendarik egin dituzte filmeko laburmetraiak; horietatik 3 goierritarrak.
aurkezpenak:
-Azaroak 5: Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean.
-Azaroak 13: Estreinaldi ofiziala. Euskal Herriko zazpi hiriburuetan batera emango dute filma.
-Azaroak 14: Beasaingo Usurbe antzokian.