Ataunen larunbatean egingo dute Jentilen Etorrera kale antzezpena, eta ondoren antzerkia. Bi urtean behin, euskal mitologian oinarritutako istorio bat oholtzan erakusten dute Jentilbaratza elkarteko kideek, 120 bat herritarrek girotutako desfilearen ondoren. Aurten bi emanaldi izango dira Auzoeta kiroldegian, gainera: 19:00etan lehena, eta 21:30ean bigarrena. Azken aldietan izan den jendetzari kabida eman nahian, eta kiroldegiko aforoa aintzat hartuta, bi saio izango dira. Sarrera-txartela aurrez erreserba liteke Internet bidez (
jentilenetorrera.com); lehen emanaldirako on-line sarrerak agortu dira. Hala eta guztiz, larunbatean 16:00etatik aurrera jarriko dituzte aforoa osatu arteko beste 500 sarrera, San Martingo plazan eta kiroldegian (on-line eskatutakoak ere han jaso behar dira).
Jentilen iritsiera San Martingo plazan irudikatuko dute, ohi bezala. Iluna eroritakoan, 18:15ean hasiko da kale antzezpena, udaletxe aurrean. Jentilei ongietorria egingo diete han kristauek. Segizioa Auzoeta kiroldegira zuzenduko da jarraian, 19:00etan lehenengo antzerkia egiteko.
![Jentilen Etorrerako antzerkia, duela bi urte, Ataunen./Santi Etxeberria](http://goierri.hitza.eus/site/files/2015/11/JENTILEN_ETORRERA.jpg)
Jentilen Etorrerako antzerkia, duela bi urte, Ataunen./Santi Etxeberria
Aldiko, aldatu egiten dute antzerkia. Leiendak, ipuinak eta Ataunen oraintsu arte mantendu diren kondairak dira beti oinarri. Baina, irudimena txertatuz, eta Ataungo euskararen printzekin aberastuz, argumentua hutsetik sortzen dute.
Aurtengo istorioak Jentilbaratzeko urrezko eraztuna izango du ardatz. Bi langilek 1925ean aurkitu zuten, Jentilbaratzeko harkaitzaren magaleko harrobian lanean ari zirela. Don Juan Txikik (Juan Arin Dorronsoro) eta Joxe Migel Barandiaran herriko apaizek ikertu, eta balio handikotzat jo zuten. Gaur egun, Donostiako San Telmo Museoan dago. Erromatar garaikoa dela dirudi.