Mineralogia eta Paleontologia astearen 28. edizioa ari da ospatzen
Antolaketako Javier Aguado, Ederrenan dagoen azokan
Haurrentzako tailerrak Iparragirre plazan, ia mundu osoko harrien erakusketa Juan de Lizarazu Aretoan, bisita gidatuak mineral eta fosilen erakusketa iraunkorrera Urrelur museoan, flysch-ari buruzko erakusketa udaletxeko sarreran, eta leku askotako bildumazaleen topaleku bihurtu den mineral, fosil eta harri bitxien azoka Ederrena frontoian.
Mineralogia eta Paleontologia Astea ari da ospatzen Urretxun, eta ia herri osora zabaldu dira ekitaldiak. Horixe da, hain zuzen ere, antolatzaileen helburuetako bat, Javier Aguadok aipatu duenez: “Lurralde-museoaren kontzeptua lantzea”. Lortu dute. Urretxu mineral, fosil eta harri bitxiz beteta dago, eta baita horiek zaletasun dituen jendez ere: “Kanpotik jende asko etorri da, eta bi herriotan ez dago lo egiteko lekurik; ondoko herrietara ari gara bidaltzen bisitariak”. Mineralogia eta Paleontologia Asteak duen oihartzunaren erakusle. Aurten 28. edizioa betetzen du.
Joan den astean hasi ziren ekitaldiak, txango mineralogikoarekin. “Izadia nolakoa den erakustea da irteera hauen helburua, lur motak, formazioak eta abar ezagutu dezan jendeak eta gero, adibidez, uholde arriskua dagoen eremua atzeman dezan” azaldu du Aguadok. Astean zehar bisita gidatuak egin dira Urrelur museoan: “Gure gizartea baliabide naturalen inguruan eratuta dagoela jakin beharko genuke guztiok; kotxeetako piezak, freskagarri-latak… gauza askok mineralak dituzte oinarrian”. Historian ere murgiltzen dituzte txikiak, urre-bilketarekin, aurrehistoriako pinturarekin, aurkikuntza paleontologikoekin eta dinosauroekin. Azkenik, trukea bezain zaharra den bildumazaletasuna ere landu nahi dute. Ederrenan dagoen azokan egiten dute hori, bertan bildutako 50 inguru postuetan zehar. “Baten batek etxean pieza bereziren bat baldin badu, ekar dezala frontoira; hemen, agian, saltzeko aukera izango du, edo trukatzeko”, dio Aguadok. Izan ere, azoka hau ez da profesionalei soilik zuzendutako azoka, jende guztiari irekitakoa baizik.
Paleontologia eta Mineralogia Asteak bihar arteko iraupena du.
Zer egin Mineralogia eta Paleontologia Astean
Urrelur Museoa: 10:00-14:00 eta 17:00-20:00, eta bisita gidatuak 12:30ean, 17:30ean eta 18:30ean, Aizpurunea kultur etxean.
Flysch-ari buruzko erakusketa: 10:00-14:00 eta 17:00-20:00, udaletxeko atarian.
Munduko herriak, munduko harriak erakusketa: 10:00-14:00 eta 17:00-20:00, Juan de Lizarazu aretoan.
Mineralogia eta paleontologia parkea: 10:00-14:00 eta 17:00-21:00, Iparragirre plazan.
Mineral, fosil eta harri bitxien azoka: 10:00-14:00 eta 17:00-21:00, Ederrena frontoian.