Hamargarren aldiz jaso du Beasaingo Olano harategiak Beasaingo Odolkiaren errege titulua. Duela 30 urte irabazi zuten lehenengoz herriko odolki lehiaketa, eliza atarian.
Eskuinean, Joxe Manuel Olano.
Beasaingo odolki lehiaketan, larunbatean, berriz ere, Olano harategia izan zen nagusi. Hamargarrena izanagatik, oraindik ere ilusioz eta pozik jaso zuten saria. Zorionak jaso eta jaso ari dira; atzo, elkarrizketa egiteko unean, herritar ugari sartu zen harategira, Olanotarrak zoriontzera.
Hamargarren aldiz irabazi duzue Beasaingo odolki lehiaketa. Hamargarrena ere pozik hartu duzue.
Bai, beti pozik jasotzen da bai. Gure ama ikusi besterik ez dago; askotan jaso du saria, baina gustura igotzen oholtzara saria jasotzera, irribarretsu. Polita da, denoi gustatzen zaigu saria jasotzea.
Lehenengo aldiz noiz irabazi zenuten?
Bigarren urtean irabazi genuen, duela 30 urte. Orduan otsailaren 5ean egiten zen odolki lehiaketa; eliza atarian egiten zen bazkaria. Lehenengo urtean uste dut Ormaiztegiko Muruak irabazi zuela.
Duela 30 urtetik odolkia egiteko era asko aldatu al da?
Dudarik gabe, izugarri aldatu da. 52 urte daramagu harategian eta lehenengo odolkiak Olanoeneko etxeko sukaldean egiten zituzten. Aitaren aldeko amonaren eta gure amaren errezeta bateratuta egiten hasi ziren. Orain makinak sartu dituzue lana errazteko. Bai, oraingo lanak ez dauka zer ikusirik. Oraindik zuritu eskuz egiten dugu, baina txikitzeko makina bat daukagu. Baita odolkia betetzeko sistema ere: lehen hatzamarrarekin sartzen zen, eta orain makinak daude horretarako ere. Oraindik eskuz lan asko egiten da baina erraztasuna bilatzen saiatu gara, kantitate handiagoa egiten dugu eta.
Eta errezeta aldatu al duzue?
Hori ez, errezetaren oinarria betikoa da: Odola, tipula, porrua eta manteka.
Zein espezie gehitzen diezu?
Guk oreganoa bakarrik. Kanela eta anisa botatzen duenik ere badago. Hemengo baserrietan bazen ohitura kanela botatzekoa, baina guk sekula ez diogu bota. Ahal dela gainera, hemen inguruan bildutako oreganoa erabiltzen dugu. Baserritar batzuk biltzen dute; altura samarreko oreganoa bilatzen dugu, garbia.
Porrua eta tipula ere bertakoa erabiltzen duzue?
Tipula ez, hemen ez dago hainbeste tipula. Porrua bai, dena hemengo baserrietakoa erabiltzen dugu. Tipula normalean, Valentzia aldekoa ekartzen dute.
Zein izaten da odolkiaren denboraldi indartsuena?
Urritik eguberriak artekoa. Horrelako lehiaketek denboraldia luzatzeko balio dute: eguberrietatik aurrera ere jendea gehiago akordatzen da lehiaketa irabazi duenaz.
Beasaingo txapela, garrantzitsua da beraz.
Bai, oso. Urte batean Orioko Kepa Loidik irabazi zuen eta hark esan zuen estropadetan Kontxa irabaztea bezala dela Beasaingo odolki lehiaketa irabaztea. Beti ospea handia izan du Beasaingo lehiaketak. Loidik esaera hura esan zuen eta ni horrekin gelditu naiz: lehiaketa berezia eta garrantzitsua da.
Nola ospatu zenuten txapela?
Goiza tipula txikitzen. Gero familian ospatu genuen.
Harategitik Gernika pasealekuko pilotalekurainoko bidea luzea egiten al da?
Moldatzen gara (dio irribarrez). Jendeak kalean behetik gora ikusten gaituenean badaki guk irabazi dugula lehiaketa.
Ondo saltzen al da odolkia?
Guk ondo saltzen dugu, beti hotsa ateratzen ari gara eta. Geroz eta gehiago kanpora saltzen dugu gainera; kanpotik gero eta gehiagok eskatzen digute. Donostia aldeko gero eta taberna eta jatetxe gehiagok eskatzen digute. Orain ematen du modan jartzen ari dela odolkia.
Odolkiaren kofradiakoek aurkezpenean esan zutenez, Madrilen ere jan daiteke Beasaingo odolkia.
Madrilen bezero asko dauzkagu, Sevillan ere bai. Espainia guztitik eskatzen digute.
Odolkiaren kofradiaren lana garrantzitsua da orduan.
Bai, oso garrantzitsua, bai ekoizleentzako eta bai herriarentzako. Borondatezko lana egiten dute, eta lan handia egiten dute. Urtean Beasainen bi egun handi antolatzen dituzte eta larunbatean ere jende asko etorri zen.