Haustarri baten istorioa
Ataun, Lazkaok eta Zaldibiak 400 urte baino gehiagoz osatu zuten Intsustiko Batasunaren aztarnetako bat da Arkaka-Txikiko haustarria. Ardiki Egunaz geroztik, urriaren 25etik, ...
Ataun, Lazkaok eta Zaldibiak 400 urte baino gehiagoz osatu zuten Intsustiko Batasunaren aztarnetako bat da Arkaka-Txikiko haustarria. Ardiki Egunaz geroztik, urriaren 25etik, Zaldibiako Karrera-Enea kultur etxea du gordeleku.
Goierriko eta Tolosaldeko 15 herrik osatzen duten Enirio-Aralar Mankomunitatearen (1409an sortua) garai bertsuan, beste batasun bat osatu zuten mankomunitate nagusiaren parte ziren hiru udalerrik, Ataunek, Lazkaok eta Zaldibiak: Intsustiko Batasuna edo Unio-txikia. Batasunaren lekukotasun historiko zaharrena XV. mendearen hasierakoa da. 1413ko urriaren 26an sinatu zuten hiru herriek, eta Amezketako eta Lazkaoko Orubeen jaun zen Amezketako Auger (edo Ojer) izenekoak, mendi haiek ustiatzeko baldintzak xedatzen zituen ituna.
Sarastarriko Agautz tontorretik hasi eta Zaldibiako Unanubieta baserriraino, Martxabaletatik Arastortzera, eta Zaldibiako errekatik Amundarain baserri ondoko Iruerriña tontorrerainoko lur eremua hartzen zuen batasunak. Hiru udalerriek ustiatzen zituzten bertan mugatutako lurrak, sailak, basoak, larreak, fruitu arbolak eta bestelakoak,
eta urtean behin biltzarra egin zuten Amundarain baserrian (Ataun), hura zuten juntetxea. Han hartzen zituzten erabakiak, han egiten zituzten tratuak. Gerrak sortutako kalte eta galeren ondorioz, lurrak zatitu eta saldu zituzten, zorrak kitatzeko adina, eta 1848. urtean betirako desagertu zen batasuna, eskumen mosaiko konplexu bat utziz.
Batasunak utzitako arrasto aipagarrienetako bat Intsustiko iturriak mantendu duen izena da, baina bestelakorik ere bada. Joxalberto Andres Zurutuza Aranzadiko etnografo ordiziarrak Arkaka-Txikiko Haustarriaren (1772) istorioa ekarri du gaur egunera. Zaldibiako Ardiki Egunean, urriaren 25ean, ikusgai egon zen plazan arta-mugarri edo korta-harri hori, eta harrezkero Zaldibiako Karrera-Enea kultur etxea du bizitoki berri.
Mugarritze berria
Joxalberto Andresek haustarriaren aurkezpenerako prestatu zuen idazkiak dioenez, mendeetan zehar hiru udalerriek saroi bana zuten izendatuta beren gobernurako. Ataunen saroia Paarre (Pagoederraga) zen, Lazkasoo (Lazkauarsaroia) Lazkaorena eta Saokoaitze (Saroekaiz) Zaldibiarena. 1772an, saroien mugarri berritze lanetan hasteko, batzorde bat eratu zuten hiru herriek, eta Inazio Jauregi Maiz (Zaldibia, 1707-1789) aukeratu zuten zuzendari arduradun. «Olano etxeko nagusia, obra maisu, etxegile, lur-neurtzaile eta aditu estimatua zen. Baita hargina eta zurgina ere».
Zaldibiak berari zegokion saroia Saroekaiztik Arkaka-Txikira aldatzeko eskatu zuen, eta 1772ko abenduaren 3an Ataungo Aralegi baserri ondoan egin zen bileran onartu zitzaion. Han elkartu ziren agintari, eskribau eta aditu guztiak. Aldaketak ekar zitzakeen ondorioak arindu nahian, haustarriaren bi masailetan honako idazkunak ezarri zizkioten: [S]El de Zaldivia (Zaldibiako saroia) iparraldean, eta Año de 1772 (1772. urtekoa) ekialdean. «Saroiak izaera borobila zuenez, harriaren goialdean izar moduko bat zizelkatu zioten, eta marra bakoitzak mugarriaren norabidea argitzen zuen. Saroiaren erdian kokatzen zen haustarria, eta kanpoaldeko lekukoak borobilaren mugak zehazten zituen». Jauregik berak sartu zuen metro luzeko argorria lurrean.
Harriaren ondare balioa
Aranzadiko etnografoak jaso duenez, 1956. urtean, Andurio inguruan basolanetan zebiltzala, harria jo eta bere lekutik atera zuten , eta «berezia zela ikusirik», Matazaren txabola atarian ezarri zuten. Harriaren ondare balioa aintzat hartuta, eta azken urteetan gisa bereko hainbat elementu eta ikur desagertu direla ikusita, zegoen lekutik hartu eta herrian bertan gordetzeko erabakia hartu da. «Olano etxeko tailerrean sortutako harria, 250 urte geroago, ia leku berera itzuli dela esan daiteke».