Ez ohiko beroak udako produktuen luzapena ekarri du, eta neguko azakiak ere eder askoak. Errezil sagarra oso puntu onenean dago, eta ugari ikusi da azokako postu batzuetan.
Ez ohiko datuak eta kontuak bildu ditugu San Martin egunez egindako feria honetan. Garai honetako udalditxoarena aipatua bada ere, termometroak hain goian ikustea ez da ohikoa. «Berotegi barnean aste honetan 37 gradu izan ditugu» Patxi Arizmendi Aramakoak kontatu digu. Baratze askotan piperrak loretan daude, Arabako lekale alorretan dilista hozitzen ari da –erakusgai zuen sorta joan zen astean hasi zen Yolanda Vicentek–, edota Maite Iturbe okinak kontatu diguna ere aipagarria: Arabako Heredia herrian erositako arto ekologikoa Oñatiko Olabarrietako errotan ehotu ohi du gero arto opila egiteko eta «nahikoa urik ez dute errota martxan jartzeko, beraz ,dituzten eskari guztiei ezin erantzunez dabiltz».
Gainerakoan, sagar errezila oso puntu onean dagoela ia esan daiteke eta postu askotan dago salgai 2 eta 5 € artean kiloa. Bi mota berri ekarri zituen Idiazabalgo kalbarioko Amaiak Aragoiko errege sagar txuria eta Kanadako grisa, zein baino zein ikusgarriagoak. Mizpirak ere jateko moduan dira ia, ustel puntu egokian. Gaztaina gutxi batzuk ikusi ditugu, baina piku eta basakanik ez.
Barazkiei dagokienez, oraindik piper eta tomate asko eta oso itxura onekoak azaroan gaudela kontuan hartuta, eta aza, azalore, brokoli… buru bikainak. Ondorioz, prezioan eta neurrian aukera zabala egon da, 1 eta 3 € artean bakoitza.
Loretan, primula edota Sanjose loreak hasi dira, Azanzaren postuan 1,5 euro bakoitza, etxean ekarritakoak alegia.
Beste merkatuak ezagutuz
Joan zen asteburuan Tolosa eta Ordiziako merkatuak bultzatzeko sinatutako elkarlan hitzarmenaren barne, bi azoka horietako ekoizle-saltzaile taldetxoa erakundetako zenbat ordezkarirekin batera Londres eta inguruetan ibili da. Hango baserritarren funtzionamendua eta azoken kudeaketa eta martxa bertatik bertara ezagutuz, 10etik gora bisitatu dituzte. Oso bidaia aberatsa izan dela aho batez kontatu digute, zer ikusi eta ikasia izan dute. Praktikan jartzea haien eta berezoen esku dagoenekoa ondorioztatu dute.