Prekarietatearen eta lan miseriaren aurkako kanpaina egingo du ELAk.
ELA sindikatuak goizean prentsaurrean jakinarazi duenez, “informazio kanpaina ausart bati ekingo dio lan miseria eta prekarietatea salatzeko”. Kartelen eta esku orrien bidez, ikusgai jarri nahi dute “botere politikoaren eta ekonomikoaren apustua enpresen irabazi handien alde, lan prekarietatearen kontura”. Aldi berean, pobretzearen ondorio ikaragarriak bistaratu nahi dituzte, “sindikatuak proposatzen dituen alternatibak aldarrikatzeko”.
Kanpainak hiru ardatz
ELAren kanpainak hiru komunikazio ardatz izango ditu. Batetik, “miseria soldatak hedatzea, enpresa etekinak ugaltzea, eta desberdintasunak areagotzea”. Bestetik, “sindikatuaren balioa, indibidualismoaren aurrean nortasun kolektiboa antolatzeko eta indartzeko tresna gisa; klase elkartasuna ‘salba bedi ahal duenaren’ aurrean. Ez dago demokrazia izena merezi duen demokraziarik sindikalismo sendorik gabe”.
Kanpainaren hirugarren ardatzak, borroka sindikala balioan jarri nahi du, “etsipen sindikal, sozial eta politikoaren aurrean. Gatazka sozialik ez duen gizarte demokratiko bat diktaduraren antzekoa da”.
Era berean, ELAk jakinarazi duenez, gobernuen eta patronalaren hazkundeari buruzko propagandaren eragina mugatu nahi du. Horrekin batara, ELAk aberastasunaren banaketa eta lanaren duintasuna jarri nahi dute eztabaidaren erdigunean.