Itsasondon esaera zaharrak bilduko dituzte, euskara indartzeko
Euskarak azken aldian Itsasondon atzerakada izan duela eta, indartze aldera hainbat ekimen lantzen hasi da lantalde bat. Karreape herri eskolan, esate baterako, bertsolaritza ikasgaia ematen hasi dira, haurrei hizkuntza aberasteko. Herri osorako, berriz, eta batez ere plaza inguruan elkartzen diren gurasoengan euskara erabiltzea xaxatzeko, esaera zaharrak eta atsotitzak biltzeko deia egin du udalak.
Herriko komertzioetan eta tabernetan postontziak jarri dituzte, eta azaroaren azkenera bitartean hor sar ditzakete herritarrek esaerak. Ahozkotasunaren eta hitzezko ondarearen balioa ere berreskuratu nahi dute, bide batez; gaur egun, bizimodu eta gizarte aldaketarekin, lehen baino askoz gutxiago erabiltzen baitira esaerak.