Ondarea ikusteko bisitak egingo dituzte asteburuan Lazkaon, Legazpin eta Ormaiztegin
Ondarearen munduko eguna azaroaren 16an dauka datatuta Unescok, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Ondarea bertatik bertara ekimena gauzatuko du, asteburuan. Gipuzkoako 13 herritan, museoak edo monumentuak ikusteko bisita gidatuak antolatuko dituzte bihar-etzitan. Goierrin hiru herritan bat egin dute: Lazkaon, Legazpin eta Ormaiztegin.
Lazkaon, bihar, Beneditarren Fundazioaren artxibategira bisita egin ahalko da, 10:30etik 12:30era. Juan Joxe Agirrek urtetan bildutako funtsak non dauden, nola gordetzen dituzte eta zer dagoen erakutsiko dute. Doan da, baina gehienez 15 lagunentzat da bisita. Izena Beneditarren Fundazioan eman behar da (943 888 781; lbf@lbf.eus).
Legazpin, paper lantegia ikusteko modua eskainiko du Lenbur fundazioak. Paper errota 1805etik 2002ra eduki zuten martxan. Industri ondare gisa katalogatuta dago. Bisitak bihar eta etzi dira, 10:30ean. Pertsonako 2,50 euro da. Izena Mirandaolako turismo bulegoan eman behar da (943 73 04 28).
Ormaiztegin, Espainolara
Goierriko beste txangoa mendira egingo dute, Ormaiztegin. Espainolamendira joango dira, XIX. eta XX. mendeetako gerren aztarnak eta berriak jakitera. Gerra karlisten informazioa eta 1936ko gerrako lubakien berri Aranzadi zientzia elkarteko Alfredo Morazak emango du. Zumalakarregi Museoko Mikel Alberdik, bere aldetik, Lehen Karlistaldiko Zelandietako gudua azalduko du.
Irteera bihar 09:30etik 12:30era da, doan, Zumalakarregi Museotik abiatuta. Izena museoan bertan eman behar da (943 88 99 00).