Urretxuko Udala 2016ko aurrekontuak prestatzen hasi da
Helburua aurrekontuak abenduaren 17ko osoko bilkuran onartzea da. Horretarako, egutegi bat prestatu dute. Dagoeneko, udal teknikariak gai hau lantzen hasi dira eta batzordeetan ere aurrekontuei buruz hitz egiten hasi dira.
Helburua aurrekontuak abenduaren 17ko osoko bilkuran onartzea da. Horretarako, egutegi bat prestatu dute. Dagoeneko, udal teknikariak gai hau lantzen hasi dira eta batzordeetan ere aurrekontuei buruz hitz egiten hasi dira. Herritarrek ere beraien proposamenak aurkezteko aukera dute, hilaren 22a bitartean.
Galdera hauek erantzutea proposatu diete: Zein plaza edo parke berrituko zenuke? Zer jarriko edo kenduko zenuke nerabeentzat? Kirol eta kultur arloan, zer aldatuko, indartuko, jarriko edo kenduko zenuke? Zer iritzi duzu Auzobusaren inguruan? Nola konponduko zenuke aparkalekuaren arazoa? Konpostagune bat erabiltzeko prest egongo al zinateke? Non jar daiteke horietako bat? Ba al dakizu zeintzuk diren herriko lokal hutsak? Zer egingo zenuke horiekin? Udal aurrekontutik 30.000 euro gastatu ahal izango bazenitu, zertan gastatuko/inbertituko zenituzke? Eta 300.000 euro gastatu ahal izango bazenitu? Nola konponduko zenuke auzoetarako irisgarritasun ezaren arazoa?
Erantzunak partaidetza@urretxu.eus helbidera, twitter-eko @Urretxuudala-ra, facebook-eko facebook.com/urretxukoudala helbidera bidali daitezke edo kalean dauden buzoietan sartu. Horretaz gain, herritarrek batzordeetan parte hartzeko aukera ere badute. Horretarako, lehenago udaletxera deitu behar dute: 943 03 80 90. Udalak proposamen eta ideia guztiak erantzungo ditu.
Udalaren helburua gizarte zerbitzuetan erabiliko diren baliabideek inor atzean ez uztea, auzo gehienetan hobekuntza lanak egitea, kultur ekintzak eta ekintza sozialak mantentzea eta eraginkorrak izatea da (inbertsioek gastu arruntean ahalik eta eragin txikiena izatea).
Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten proiektuak aurtengo aurrekontuetan txertatuko dituzte edo hurrengo ekitaldietarako gordeko dituzte.