Abereak, gazta eta Aizkorriren aberastasun gehiago gaur Zegaman
Zegaman San Martin inguruko feria ari dira egiten, gaur. Goizean goizetik, Aizkorri aldeko balioak erakutsi dituzte Toki-Alai pilotalekuan, inguruko kaleetan eta plazan. Batetik, Zegamako abeltzainen abelburu erakusketa eta lehiaketa egin dute. Behi aziendan 15 bat buru, zaldi-behorretan 45 bat, astoren bat, eta ahuntzen eta ardien postuak jarri dituzte.
Bestetik, Aizkorri-Aratz parke naturalean ibiltzen diren ardien esnez egindako gazta lehiaketa ere egin dute. Gorka Izagirre txirrindularia, Ilazki Serrano telebista-aurkezlea edota Alberto Iñurrategi mendigoizalea gonbidatu dituzte epaimahairako. Jose Maria Ribas i Ferrer eta Maria Rosell kataluniarrak ere egon dira. Jose Ramon Agirianoj, Iñaki Etalo eta Jose Mari Ustarroz adituek osatu dute. Aizkorri aldeko 14 gazta dastatu dituzte.
Gaur, larunbata, arratsaldean ere izango da jai giroa Zegaman. 17:30ean buruhandiak irtengo dira plazara. 18:00etan, herriko binakako esku pilota txapelketaren finala jokatuko da.
Pilota jaialdian, ikuskizuna zortzi urteren ondoren
Atzo, ostirala, pilotari profesionalen jaialdia izan zen, Toki-Alai frontoian. Bi goierritar ziren lehian, eta biek galdu egin zuten. Estelarrean, Jokin Altuna eta Abel Barriola nagusitu zitzaizkien Irribarria aramarrari eta Merino II.ari (22-20). Aurretik, Aritz Lasa urretxuarrak Urruzolarekin galdu egin zuen, 16 eta 22, Jaka-Irustaren aurka. Bi neurketan ikusgarriak izan ziren.
Zegaman 2008an egin zen azkeneko aldiz profesionalen pilota partida. Atzo gauean Toki-Alai pilotalekua bete egin zen.