Jesus Mendibil doktorea.
Prostatako eta barrabiletako minbiziaren inguruan kontzientzia zabaltzeko sortu zen Movember egitasmoa. Ordizian hainbat urtez egin dute bat kanpaina horrekin, eta aurten ere, ekitaldi ugari antolatu dituzte azaroan zehar. Aste honetan, esaterako, minbizi mota honen inguruko hitzaldia egingo dute.
Ekintza sorta horren barruan, Tolosako Asuncion klinikako Jesus Mendibil medikua etorriko da bihar, Zer da prostata? Minbiziaren diagnostikoa garaiz hitzaldia egitera. Urologian aditua da Mendibil, eta minbizi mota honen inguruko informazioa emateaz gain, prebentzioaren eta diagnostiko goiztiarrak egitearen inguruko garrantziaz hitz egingo du. Hitzaldia bihar izango da, 18:30ean, D’Elikatuz zentroan.
Ekitaldi gehiago
Urtero bezala, herritar ugarik bat egin dute Movember kanpainarekin, eta asko dira bibotea hazten utzi duten ordiziarrak. Baina herritarrek ez ezik, hainbat taldek, elkartek eta merkatarik ere bat egin dute egitasmoarekin. Hala, herriko lau ileapaindegitan, bizarginak doan ari dira biboteak txukuntzen. Herriko tabernetan berriz, pintxo bereziak ere egin dituzte, biboteak dituzten txotxekin banatzeko.
Ordizian Merkatari Elkarteak ere parte hartu nahi izan du, eta ekimen berezia jarri du martxan, Miss eta Mister Movember lehiaketa. Azaroaren 26ra bitartean, herritarrek bibotearekin argazkiak atera eta facebookera igo behar dira. Argazkirik onenaren bi lagunentzako afaria irabazteko aukera izango du. Sari banaketa hilaren 28an izango da.