Arriarango erronka berriak aurkeztuko dizkiete bihar auzotarrei
Udazkeneko festa egingo dute bihar Arriaranen. Hasteko, 12:30ean, Alaitz Eguren auzotarraren ipuin kontaketa saioa izango da 6-10 urte bitarteko haurrentzat. Jarraian, 13:15ean, Iraganetik etorkizunera, Arriarandik pasata egitasmoa aurkeztuko dute, Bertsomovieda lehiaketarako egindako bideoa lagun. Ondoren, udalarekin egindako hitzarmena eta erronka berriak aurkeztuko dizkiete auzotarrei.
Intxaurpe elkarteko kultur saileko kideek azaldu dutenez, erronken artean, Beasain eta Arriarango oinezko bidea edukiz eta kulturaz janztea dago. Mugarri bereziak eta informazio panelak jartzea aurreikusten dute, historiaren eta naturaren berri emateko. «Ibilbidea Arriarango kaskotik hasiko litzateke. Horretarako, erdigunea txukundu eta beste ukitu bat eman beharko zaio. Ideia batzuk badauzkagu: haurrentzako jolas egiteko gune aske bat egitea adibidez, betiko txirrista eta ziburuetatik aparte…», aurreratu dute.
Bazkaria ere izango dute bihar: indaba jana. Bazkariko txartelak 25 euro balio du. Bazkalondorena, Urdangarin eta Matxain trikitilariek alaituko dute.
Urtaroa eta zentzumena
Urtean lau kultur ekitaldi egiten jarraituko dute Intxaurpen, urtaro bakoitzean zentzumen bat landuz: udazkenean ukimena, neguan ikusmena, udaberrian entzumena eta udan usaimena. Hori bai, bosgarren zentzumena, dastamena, urtaro eta ekitaldi guztietan landuko dute, bazkariekin edo afariekin.
Abenduaren 12an, larunbatean, izango dute hurrengo ekitaldia. Intxaurpetik aurreratu dutenez, Loreak filmaren gidoigileetako bat, Aitor Arregi oñatiarra joango zaie bisitan. Egun berean, opor aurretik martxan jarritako telefono mugikorrekin ateratako argazki lehiaketaren sari banaketa egingo dute. Otorduren bat ere izango da tartean.