1990ean iritsi zen Ignacio Arizmendi beasaindarra New Yorkera. Enpresaria da eta proiektu berria du orain eskuartean: euskal balea arrantzaleen aztarnak bisitatzeko itsas bidaia Ternuan barrena.
Ekintzailetzat baino gehiago «ausartzat» du bere burua Ignacio Arizmendi beasaindarrak. 1990ean iritsi zen AEBeko New Yorkera, eta duela 25 sortu zuen 5-A Incentive Planners enpresa. Bidaia eta esperientzia bereziak prestatzeaz arduratzen dira. Askotan gainera, bizipen berezi horiek helikopteroa izaten dute lagun. Horretarako, helikopteroen alokairurako enpresa ere badu.
Eskuartean duen proiektu berriak, ordea, itsasontzia izango du lagun. Itsas bidaia berezia antolatu du 2017ko ekainaren 15erako: euskal baleazaleen aztarnen atzetik itsas bidaia. Ternuako hiriburuan hasi eta bukatuko da bidaia, St Jhon’sen. Duela 450 urte euskal balea arrantzaleen lanak utzitako aztarnak bisitatuko dituzte Ternuan eta Labrador penintsulan. Gaur, 19:00etan, Beasaingo Igartzako jauregian azalduko ditu espedizio berriaren xehetasunak, Lemniskatak antolatutako hitzaldian. Informazio zehatza,
www.ballenerosvascos.info webean aurki daiteke.
Itsasontzi berezia Espediziorako itsasontzi berezia erabiliko dutela aurreratu du beasaindarrak: «Ez da Mediterraneoko eta Karibeko itsas bidaietako bezalako itsasontzi tipikoa izango. Ez da hain elegantea eta sofistikatua, baina oso erosoa da; behar den guztia dauka. Itsas ertzera ahalik eta gehien gerturatzeko aukera izango dugu», zehaztu du. Zodiak bidez iritsiko dira lurrera. Itsas bidaian hiru antropologok (Robert Grenier, Manu Izagirre eta Latonia Hartery) azalduko dute euskal balea arrantzaleen historia. Bidaiako otorduak mimo handiz ari dira prestatzen. Horretarako, Basque Culinary Centerren laguntza dauka.
Euskaldunen balentria
Arizmendik aitortu duenez, Idahoko euskal komunitatearekin lotutako eskaintzaren bat sortzeko aukera aztertzen aritu zen. Baina azkenean, euskal balea arrantzaleen historiaz gehiago jakin ondoren, baleazaleen gaiari heltzea erabaki zuen. Izan ere, duela 450 urteko euskal balea arrantzaleen historiak liluratuta dauka Arizmendi: «Baina orain arte gai hori ez da balioan jarri, gai horri buruz oso gutxi dago idatzita».
Baina garai hartako euskaldunen balentria gogora ekarri eta gizarteratu nahi du beasaindarrak. «Pentsa zer zen duela 450 urte Ternuara bidaiatzea. Euskaldunak izan ziren Ternuara eta Labradorera iristen lehenak, aitzindariak izan ziren baleen koipearen negozioan», zehaztu du Arizmendik. Balearen koipearen inguruan sortu zen industria ikaragarria izan zela gaineratu du: «Galeoiak eraiki behar ziren, arrantzaleak eta arpoilariak prestatu. arotzak ere behar ziren espedizioan upelak muntatzeko, eta adituak ere behar ziren balearen haragia egosteko eta koipea ateratzeko». Joan-etorri bakoitzean 2.000 upel koipe ekartzen omen zituzten. «Garai hartan ez zegoen petroliorik, argia balearen koipearekin egiten zen».