Iragarpenen arabera, tenperaturak asko jaitsiko dira eta euri asko egingo du, baita elurra ere 700 metrotik gora
Eguraldi iragarpenen arabera, elurra egingo du asteburuan Goierriko mendietan
Negua bertan da, baita elurra ere. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, bihartik aurrera negu giroa nagusituko da Goierrin, eta asteburu osorako tenperatura hotzak, haizea, euria eta elurra espero dira.
Tenperaturak gaur gauean bertan hasiko dira jaisten, eta baliteke euria egiten hastea ere. Bihar, zerua oso hodeitsu agertuko da eta euri asko egingo du. Ipar-mendebaldeko haize bizia ere ibiliko da, bolada gogorrekin, batez ere goizean. Tenperatura, berriz, nabarmen jaitsiko da, bai minimoa eta bai maximoa: 3 eta 6 gradu artean izango da bihar. Elurra ere egingo du. Elur maila 1.000 metro inguruan kokatuko da eguerdi partean eta iluntzerako 700-800 metrora jaitsiko da.
Igandean tenperatura baxuagoak izango dira, 2 eta 4 gradu artekoak. Giro hotza eta zaparradak nagusituko dira egun osoan zehar. Elurra, berriz, 700-800 metro ingururaino jaitsiko da.
Astelehenetik aurrera negu giroa baretu egingo da, eta tenperaturak zerbait igotzearekin batera, eguzki tarteak ere ikusi ahal izango dira.