«Sagarrondoa ondo zaintzen bada, urtero ematen du sagarra»
Gabiriako Katarain baserrikoa da Pedro Iztueta, eta bertan ditu sagarrondoak. Errezilak, Udare sagarrak eta Elstarrak ditu, batez ere. Sagar gehienak dendei saltzen dizkie.
Igandean, urteroko lez, Errezil Sagarraren lehiaketa egingo dute Gabirian. Iaz, menbrillu onenaren saria jaso zenuen.
Izugarrizko poza ematen du sari bat irabazteak. Indarra ere ematen dizu aurrera jarraitzeko, eta ondo egiten ari zarela erakusten dizu. Zure lana baloratzen dutela ikusten duzu. Gainera, gaur egun Errezil sagarra ondo baloratuta dago gizartean, errezilaren zain egoten da jendea.
Nolatan hasi zinen sagarraren munduan lanean?
Lehen, etxean, behiak genituen. Aita eta ama bizi zirenean hala izaten zen ohikoena. Ni, ordea, nazkatuta nengoen behiak hazteaz. Azkeneko txekorra etxerako geneukan, eta hori kendu genuenean, kuriositatez, zenbakiak egin nituen. Konturatu nintzen beste baserri batetik txekorra erosita merkeagoa ateratzen zitzaidala nik etxean haztea baino.
Orduan zalantza sortu zitzaidan. Nire Antzuolako suiak 3.000 eta piko sagarrondo ditu, eta esan daiteke berari esker hasi nintzela. Hark esan zidan hau guztia jartzen lagunduko zidala, baita sagar munduaren funtzionamendua azalduko zidala ere. Horrela hasi nintzen. Hori dela sei bat urte izan zen.
Zenbat sagarrondo dituzu, guztira?
Guztira, 200 bat sagarrondo ditut sagardotako, eta beste 800 bat bestelakoak dira: Errezilak, Udare sagarra eta Elstarrak (gorrixkak direnak) gehienak. Lehenengo urtean, 400 bat sagarrondo landatu nituen. Gero, beste guztiak jarri nituen. Errezilen 300 bat arbola izango ditut.
Hemengo tenperatura egokia al da errezilarentzat?
Bai, aurten gainera kolore ederra eman dio eguzkiak. Lursail honek duen abantaila da nik arbolen arteko pasiloa garbitu egiten dudala traktorearekin ibiltzeko, belar txarrak kendu eta…horrek eguzki gehiago sartzea ekartzen du. Izpien ondorioz errezila horiagoa izaten da, eta azukre gehiago izaten du. Gozatu egiten du eguzkiak sagarra.
Bi urtez behin ematen omen dute alea sagarrondoek. Bat al zatoz ideia horrekin?
Nire kasuan, urtero ematen dute sagarrondoek alea. Sagarrondo txikiak urtero eman ohi dute, eta sagarrondo handiagoak ondo zaintzen badira, urtero ematen dute alea. Baina horrek lana eskatzen du, arbola zaindu egin behar da.
Eta zein da sekretua?
Sekretu handirik ez dago. Kontuan izan behar dugu arbola handiak urtero ematen badu alea, azkenean, arbola hori nekatu egiten dela. Ezin dira sagar ale guztiak handitzen utzi, kontrol bat eraman behar da. Arbolak lorea ematen du lehen, eta ondoren, alea sortzen da. Tratamendu bidez kontrolatu daiteke ale guztiak asko ez haztea. Hau da, likido bat eman daiteke aleari gehiago ez hazteko, kontrolatzeko bere neurria. Bestela, alea txikia dagoenean ere ken daiteke. Finean, urtero ez duzu horrenbesteko sagar kantitatea izango, baina urtero bilduko duzu.
Modu horretan ez da hainbeste nekatuko arbola.
Hori da. Modu horretan arbola ez da horrenbeste nekatzen. Horregatik ematen dute arbola askok bi urtez behin bakarrik alea, urte batean lan handia egiten dutelako. Zaintzean dago gakoa, ez da bilatu behar sagar kilo asko lortzea urte batean; arbola zaindu egin behar da urtero eman dezan.
Urtean zenbat sagar kilo bil ditzakezu?
Urtean lau mila kilo sagar biltzen ditut, jatekoak. Sagardorako ibiltzen direnak, berriz, bost mila bat kilo bildu ditugu aurten.
Zer egiten duzu horrenbeste kilo sagarrekin?
Saldu. Kilo asko dira, eta ia sagar guztia saldu egiten dugu. Dendetara eramaten dut, edo, adibidez, sagardorako sagarrak Otatza sagardotegiari (Zerain) saltzen dizkiot. Noski, etxerako ere erabiltzen dugu, dela menbrilloa egiteko, dela konpota… Sagar zalea naiz, noski, eta oso gustukoa dudan fruitua da.