Simon Marmier quiropraktikoa bizkarreko minaz ariko da astelehenean
Ordiziako Rugby Elkarteak antolatuta, bizkarreko minaren eta hau zaintzeko moduen inguruko hitzaldia egingo dute astelehenean Ordizian. Simon Marmier Quiropraktika arloko doktorea etorriko da azalpenak ematera. Nola mantendu bizkarra osasuntsu eta minik gabe hitzaldian (gaztelaniaz), bizkarrezurra mantentzeko ariketak, posturak eta aholkuak azalduko ditu.
Egungo gizartean, bizkarrarekin lotutako gero eta arazo gehiago sortzen ari direla ikusita, bizkarra zaintzeko beharra dagoela uste du Marmierrek. Hala, bizkarreko lesioen kausarik ohikoenak aztertu eta hauek nola ekidin azalduko du. Bizkarrezurra osasuntsu mantentzeko hainbat ariketa ere erakutsiko ditu saioan. Baita desgasteak eta hernia diskalak ekiditeko hainbat teknika ere.
Quiropraktikan doktorea
Simon Marmierrek AEBtako Sherman College of Straight Chiropractic unibertsitatean egin zituen quiropraktika ikasketak. Azken bederatzi urteak Donostiako Ospitalean egin ditu, doktore moduan lanean. Ikerketa ugari ere egin ditu eta hainbat artikulu argitaratu ditu zientzia aldizkarietan; Como dormir de un tiron liburuaren egilea ere bada. Gipuzkoako kirol zentro, kultur elkarte eta ikastetxeetan hitzaldiak ematen ari da orain.