Beasaingo irakurle taldea
Emakumearen indarkeriaren gaiaren inguruko lanketa eta hausnarketa egin du Beasaingo Irakurle taldeak azaroko saioan, Andu Lertxundiren Zoaz infernura, laztana! liburua oinarri hartuta. Irati Goikoetxea taldearen dinamizatzailearen esanetan, oso arrakastatsua izan zen saioa: 34 lagun gerturatu ziren eta solasaldia bi taldetan banatu zuten. «Inguruan ez dago hainbeste lagun elkartzen dituzten irakurle talderik. Beasaindarrak bakarrik ez, inguruko herrietako herritarrak ere hurbiltzen dira Beasaingo Irakurle Taldera», zehaztu du Goikoetxeak. Ostiraleko saiora, gainera, Beasaingo Institutuko zenbait ikasle ere gerturatu ziren: «Ekarpen aberatsa egin zioten taldeari».
Abenduak 18
Bestetik, abenduko irakurketa saioko eguna zehaztua dute dagoeneko: abenduak 18. Beasaingo Disko eta Liburu azokan egingo dute, 17:30ean. Uxue Alberdi elgoibartarraren Aulki jokoa liburua aztertuko dute. Dagoeneko liburua eskuratu daiteke udal bibliotekan.