Gure Esku Dagok Goierrin kontsulta egiteko erronka jarri dio bere buruari
Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak zuzendaritza eta helburu berriak aurkeztu ditu asteburuan. Goierri mailan herri galdeketa egiteko erronka hartu duteGure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak urteko batzar orokorra egin zue...
Arkaitz Apalategi
Goierri
Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak zuzendaritza eta helburu berriak aurkeztu ditu asteburuan. Goierri mailan herri galdeketa egiteko erronka hartu dute
Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak urteko batzar orokorra egin zuen larunbatean Gasteizen. Zuzendaritza batzorde berria eta etorkizunera begira dituzten erronkak aurkeztu zituzten bertan. «Erabakiaren aroa» bizi dugula eta «erabakitzen hasi» beharra dagoela azaldu zuten. Bide horretan, Goierriko Gure Esku Dagok ere erronka jarri dio bere buruari, datorren urtean «Goierri mailako herri galdeketa» antolatzea.
Gure Esku Dagok bi hilabetez eta herriz herri egin duen Eskura prozesuaren emaitzak ezagutarazi zituzten Gasteizko ekitaldian. Guztira 60 herri batzorde osatu dituzte, eta 1.000 lagun inguruk parte hartu dute bileretan. Egitasmoaren etorkizuneko jarduera, antolaketa eta finantziazio bideak izan zituzten aztergai. Ekitaldian azaldu zutenez, batzar horien harira osatu duten txostenak «adostasun ia-erabatekoa» izan du.
Eskura prozesuari onarpena ematearekin batera, zuzendaritza batzorde berria ere aurkeztu zuten. 75 lagunek osatuko dute, eta lehendik mugimenduari lotuta egon diren Angel Oiarbide, Zelai Nikolas edota Ion Telleria bezalako izenez gain, komunikabideetan, kulturgintzan, sindikalgintzan nahiz politikan aritutako jendea ere badago zerrendan; Mirentxu Purroy, Pello Urzelai, Idurre Eskisabel, Miren Arzallus, Jesus Uzkudun, Jexux Olaziregi edota Angel Mari Elkano, besteak beste.
Batzarra bukatu aurretik, Angel Oiarbidek hartu zuen hitza. «Erabakitzeko eskubidea 2018an gauzatzeko erronka» jarri dutela azaldu zuen. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu, aurrean dugun erronka handiari aurre egiteko». Hala, «erabakitzen hasi» behar dela uste du, eta horretarako, gizarteari erremintak eman behar zaizkiola, «bere etorkizunaren protagonista» izan dadin.
Goierrin galdeketa
Euskal Herri mailan ez ezik, Goierri mailan ere erronka handia jarri dio Gure Esku Dagok bere buruari. Gasteizko ekitaldiaren ondoren, Goierriko mugimenduaren ordezkariek agerraldia egin zuten. Bertan, «Goierri mailako herri galdeketa bat» antolatu nahi dutela azaldu zuen Andoni Mikelarenak.
2007an Nazioen Mundua sortu zutenetik «denbora asko» pasa dela esan zuen, «baina ez alferrik». Izan ere, urteotan Eskoziara eta Kataluniara egindako bidaiak, Miramarreko ekitaldia, mosaikoa, dokumentala edota giza-katea egin dituzte, besteak beste. Orain ordea, erabakitzeko eskubidearen bidean beste pauso bat eman nahi dute, galdeketa antolatuta. Baina aurreko ekitaldietan bezala, honetan ere «erronka honek bide motza» izango dutela dio, «guk ez ezik goierritar guztiok heltzen ez badiogu».
Galdeketa hori «goierritarrok elkarrekin» antolatu beharrekoa dela uste dute, eta helburu hori hartuta, lanean hasteko garaia dela azaldu zuen Mikelarenak. Izan ere, erabakitzeko eskubideak herritarrak «ahalduntzeko eta elkar ezagutzeko» balio duela uste du. Hala, larunbat honetan Lazkaon egingo den aurkezpen irekian parte hartzeko deia egin die goierritar guztiei. 11:30ean izango da, Areria antzokian.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.