Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarragako udalek azaroaren 25eko adierazpen instituzionala adostu dute. Biharko deitutako elkarretaratzeetan irakurriko dute.
Lau udaletako ordezkariak bildu dira Legazpin. / Argazkia: Maialen Igartua
Urola Garaia Mankomunitatea osatzen duten lau udalek —Legazpi, Ezkio-Itsaso, Urretxu eta Zumarraga—, azaroaren 25eko adierazpen instituzionala adostu dute. Hiru konpromiso nagusi hartzen dituzte udalek adierazpen horretan:
- Beldur Barik programaren edukiak garatzea, indarkeria matxistari aurre hartzeko eta gazteak sentsibilizatzeko tresna gisa.
- Udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzea, berdintasunaren aldekoa eta indarkeria matxistaren aurkakoa, udal eskumenen barruan.
- Gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzeko gonbita egitea, edozein indarkeria edo diskriminazio sexistaren aurrean errefusa adieraztea barne.
Koldobike Olabide Urola Garaia Mankomunitateko presidentearen hitzetan, “gaitzespenik irmoena” adierazi nahi diote emakumeen aurkako indarkeriari, ez bakarrik fisikoari, baizik eta psikologikoari, sexualari eta sinbolikoari. “Arazo estruktural baten aurrean gaude, eta erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu”.
Biharko deitu dituzten elkarretaratzeetan irakurriko dute adierazpen bateratuta. Legazpin 18:30ean egingo dute elkarretaratzea, Euskal Herria plazan. Urretxu-Zumarragan, berriz, 19:00etan, Areizaga Kalebarren plazan. Bietan lelo bera aldarrikatuko dute:
Biolentzia matxistarik gabeko bizitza askeak bizitzeko eskubidea.