Olaberrian aurten ere jokatuko da eliteko palarien txapelketa
Igande honetan hasiko da, Olaberrian, II. Eliteko Pala Motz Txapelketa. Herriko pilotariek eta zaletuek antolatu dute, bigarren urtez jarraian.
Final-laurdenetako hiru partida jokatuko dira igandean, azaroaren 29an. Jaialdia 10:30ean hasiko da, Olaberriko Udal Pilotalekuan.
Lehen partidan Ibai Iradi (Andoain) eta Javier Labiano (Iruñea) bikoteak, David Arozena (Donostia) eta Azeari Andonegi lazkaotarra izango ditu aurkari.
Bigarrenean, lau nafar ariko dira, iruinsemeak denak: Mikel Sanz-Javier Salinas, eta Mikel Laskoiti-Alfon Etxabarren.
Hirugarren final-laurdenean, Ibon Altuna (Andoain)-Jon Arruti (Usurbil), Christof Elizondo (Baiona)–Gabin Andueza (Hendaia) bikoak jardungo dira. Berezitasuna, aurten, Ipar Euskal Herriko palari bikotearena da. Elizondo munduko txapeldun izana da. Andueza gaztea, berriz, Gipuzkoan lehiatzen da, eta paleta larruz modalitatean Gipuzkoako txapelketa irabazi du.
Orokorrean, “maila gorena” izango du txapelketak. Aurten ere gonbidatu dute Emiliano Skufca argentinarra. Finalaurrekoan lehiatuko da, Gari Arrieta olaberritarra lagun duela. Finalaurrekoak abenduaren 6an jokatuko dira, eta finala abenduaren 7an (biak 10:30ean hasita). Azken egunean, berriz, aurretik Olaberriko gazteen pala neurketa (Jon eta Xabier Naldaiz / MIkel Etxezarreta–Iker Garrido) eta joko-garbiko erakustaldi bat ere izango dira.