«Musika baloratzen badugu, gizartea hobeto ibiliko da»
Pello Ramirezek (Ordizia, 1966) musika maite du eta jendeak musika maite dezan lan egiten du. Biolontxeloa, akordeoia eta pianoa jotzen ditu eta ...
Pello Ramirezek (Ordizia, 1966) musika maite du eta jendeak musika maite dezan lan egiten du. Biolontxeloa, akordeoia eta pianoa jotzen ditu eta Ordiziako musika eskolako irakaslea da. Horretaz gain, Alos Quartet taldean eta Benito Lertxundirekin jotzen du, besteak beste. Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sintonia berak egin du.
Nolatan halako musika zaletasuna?
Aita tratantea zen eta ama etxekoandrea. Amaren aitak ahoko-soinua jotzen zuen tarteka. Hori da nire familiak musikarekin duen lotura. Dena den, amari musika gustatzen zaio eta 9 urte nituenean Iñaki Aierbe soinu-jotzailearengana bidali ninduen. Ekainean hasi nintzen eta abuztuan jo nuen lehenengo aldiz jendearen aurrean: Itsasondoko festetan. Hortik aurrera a tope ibili nintzen.
Nondik nora ibili zinen?
Garai hartan akordeoia indar asko hartzen ari zen. Txapelketa asko antolatzen ziren. Erraz ikasi nuen eta txapelketa dezente irabazi nituen. 19 urte bete nituen arte ez nintzen gelditu. Ordu asko sartzen nituen. Ikastetxeetan ez zegoen egun dagoen kontrola eta akordeoiari emanda bizi nintzen. Frantziako, Alemaniako… txapelketatan parte hartu nuen.
Zergatik utzi zenion akordeoia jotzeari?
Akordeoiak etorkizun handia zuela uste zuten eta nirekin esperimentatu zuten. 18-19 urterekin, ordea, akordeoiarekin ez nuela etorkizunik konturatu nintzen. Hori dela eta, txeloarekin hasi nintzen. Musika klasikoa asko gustatzen zitzaidan eta nire helburua orkestra sinfoniko batean jotzea zen.
Lortu al zenuen?
Txeloa oso instrumentu konplikatua da eta eskusoinuarekin lortu nuena txeloarekin lortzea oso zaila zen. Zerotik hastea oso gogorra izan zen. Kostata lortu nuen txelo ikasketak bukatzea. Izan ere, ez nuen hasieratik lortu akordeoiarekin lortu nuen konexioa. Sentsazioak oso ezberdinak dira. Euskadiko Orkestra Sinfonikoan jo nuen, baina ez nintzen eroso sentitu.
Zergatik?
Musika sinfonikoa asko gustatzen zait, baina orkestra batean denek bat balira bezala jo behar dute. Norberak ez du bere instrumentua entzuten, giroa oso funtzionala da eta ez zitzaidan gustatu.
Hala, beste bide bat hartzea erabaki zenuen.
Ordurako taldeen munduan sartuta nengoen eta hortik jarraitu nuen. Beste mundu honek bi instrumentuak jotzeko aukera ematen dit.
Zergatik aukeratu zenuen txeloa?
Umetatik asko erakartzen ninduten arkuzko instrumentuek. Garai hartan telebistan musika programa pedagogikoak ematen zituzten. Egun, hori sinestezina da. 14 bat urterekin Rostropovich txelista mitikoaren kontzertu bat ikusi nuen eta txundituta utzi ninduen.
Hautatu zenuen bideak Benito Lertxundirekin jotzera eraman zintuen, besteak beste. Ohorea al da?
20 urte baino gehiago daramatzat berarekin jotzen. Pello Irizar beasaindarrak Benitoren taldean jotzen zuen eta bere anaiaren omenez txelo eta piano pieza bat konposatu zuen. Pieza hori izan zen Benitorekin jo nuen lehena.
Zer moduzkoa da Benitorekin lan egitea?
Dagoeneko familiakoak bezala gara. Benito oso pertsona berezia da eta artista itzela. Jenioa du eta gauza batzuk oso ondo funtzionatzen dute eta beste batzuetan komerietan ibiltzen gara. Talde guztietan gertatzen da hori. Benitorekin asko ikasi dut. Berak ez du musika ikasketarik eta dena intuizioz egiten du. Sentsazioei garrantzia handia ematen die. Nik ez nuen lan egiteko modu hori ezagutzen eta bera horretan maisua da. Zer edo zer entzun eta berehala konturatzen da horrek zein sentimendu sortzen duen. Intuizio hori du.
Benitorekin emandako kontzertu bereziena?
Lehen urteetako kontzertuak flipanteak ziren: jendearen komentarioak, jendearen hunkipena, ikusleak negarrez ikustea…
Alos Quartet laukotean ere jotzen duzu.
Duela 18 bat urte hasi ginen. Niko Etxartek laukote bat behar zuen eta nigana jo zuen. Laukotea osatzeaz arduratu nintzen eta ordutik elkarrekin jo dugu. Lan asko egin dugu: Dulce Pontesekin bira bat, grabaketak, Ken Zazpi eta Kepa Junkerarekin kolaboratu dugu, zinerako jo dugu… Ez gara ohiko laukotea. Mentalitate irekia dugu eta estilo asko jorratu ditugu. Laukotea formazio zailena dela esango nuke. Oso zorrotza da. Koordinazio handia eskatzen du.
Sekula ez duzu zure herriarekin harremana galdu. Goierriko biolontxelista ofiziala zara. Ekitaldi askotan jotzeko deitzen zaituzte.
Nire lanaren beste alor bat da: sari banaketetan, aurkezpenetan… jotzeko deitzen didate. Ez naiz herritik urrundu eta herriari nire instrumentua, landu dudana, eskaintzen diot.
Gainera, Ordiziako musika eskolako irakaslea zara.
Hezkuntza sisteman emaitzak eta kontrolak gehiegi baloratzen dira. Emozioei ez zaie merezi duten garrantzia ematen. Hori dela eta, gazteei zalantzak sortzen zaizkie: musika ikasten badut, non lan egingo dut? Egun, akordeoia ikasten hasiko banintz, ez nuke lortu nuena lortuko. Haurrek ez dituzte bi ordu pianoa edo beste instrumentu bat jotzeko. Eta haur batek musika ikasiko du, hori baloratuta dagoela ikusten badu.
Gogorra al da zure lanbidea?
Lanbide xelebrea da. Hemengo kultur maila den hori da. Gure betebeharra gizarteari gure instrumentua eskaintzea eta musika giroa sortzea da, musikariek ere beraien tokia izan dezaten gizartean. Hemen artistak ez du bere tokia gizartean, oraindik. Frantzian, adibidez, kultur tradizio handia dute eta artistek gizartearen errekonozimendua dute. Gure lanak ez du etekin materialik ematen, baina emozionalki aberasten gaitu. Benitok musikak arima elikatzen duela esaten du. Etekin materialak oso ondo daude, baina emozioak ere oso garrantzitsuak dira. Musika, artea, baloratzen baditugu, hobeto biziko gara eta gure gizartea hobeto ibiliko da.