Elkartasun Saskiak betetzeko deia egin dute Ordiziako hainbat eragilek
Ordizian seigarren urtez jarri dute martxan Elkartasun Saskiak betetzeko kanpaina. Behar gehien duten familiei laguntzeko jakiak eta garbiketarako produktuak jasoko dituzte. Hiri Hezitzailea egitasmoaren barruan, herriko hainbat elkartek eta erakundek parte hartzen dute; hala, Caritasekin batera, Garaguneak, Zuhaizti adinekoen zentroak eta herriko ikastetxeek ere bat egiten dute kanpainarekin.
Jon Etxezarreta Ordiziako parrokoa da Caritasen lanean aritzen denetako bat. Berak azaldu duenez, aurten herriko 475 laguni eman diote laguntza; dirutan, 26.700 euro banatu dituzte; baina dirua ez ezik, jakiak eta arropa ere ematen dizkiete behar gehien duten familiei.
Zuhaizti adinekoen egoitzak ere urtero parte hartzen du kanpaina honetan. Raquel Bravo zuzendariak, «bazkide askok pentsio oso bajuak» dituztela azaldu du, baina hala ere, denek nola laguntzen duten, eta urtetik urtera gehiago biltzen dutela ikusteak «emozionatu» egiten dituela.
Urdaneta eta Jakintza ikastetxeek ere beraien sentsibilizazio kanpainak egiten dituzte. Ikasleek azaldu dutenez, gelaz gela joaten dira, saskiak betetzeak duen garrantzia azaltzeko.
Bilketarekin parte hartu nahi duenak, lau erakunde hauetakoren batekin jar daiteke harremanetan. Jakiak (Esnea, azukrea, olioa, txokolatea, turroia, atuna, tomatea, jaki prestatuak…) eta garbiketa produktuak (etxerakoak nahiz garbiketa pertsonalerakoak) jasoko dituzte.