Intxaustik bihar jokatuko du Gipuzkoako afizionatuen buruz buruko finala
Arratsaldeko 19:30etan izango da finala Segurako Baratze Pilotalekuan
Txikitatik ibili izan da pilotan Iñigo Intxausti (Segura, 1996). Gaur-gaurkoz Zegamako Tartalo taldean aritzen da, eta bihar, ostirala, jokatu du Gipuzkoako Afizionatuen pilota txapelketako buruz buruko finala. 19:30etan izango da, Segurako Baratze pilotalekuan. Bere aurkaria Bergarako taldeko Eneko Muguruza izango da, eta partida ez dela erreza izango agertu du Intxaustik.
Oraingoz ez dago urduri segurarra, nahiz eta eguna gerturatzen denean hala jarriko den esan duen. «Lehenengo aldia da buruz buruko txapelketa batean jolasten dudana», azaldu du. Bi taldek jolasten dute, eta lehenengo biak klasifikatzen dira final-erdiak jolasteko. Bere kasuan ez du final-erdikorik jolastu, bere aurkaria lesionatu egin zelako. Txapelketan orain arte jokatutako partida guztiak irabazi ditu, eta beraz, taldeko lehenengoa izan da.
Txikitatik datorren pasioa «Pilota nire bizia da», adierazi du. Txikitatik gustatu izan zaio pilota, eta 6 urterekin hasi zenetik, ez dio utzi pilotan jolasteari.
Pilota «ikusteko eta jolasteko» gustatzen zaiola adierazi du, nahiz eta beste kirolak ere gustoko dituen Intxaustik. Bere kasuan, defentsa ona duela nabarmendu du. Tantoak egiterakoan ez du zailtasun handirik, baina bere hitzetan, defentsa da bere alde onena, eta ostiraleko partida zaila izango den arren, gogotsu azaldu da erronka berrirako.