Euskararen aldeko adierazpenarekin bat egin du Beasaingo Udalak.
Atzo, Beasaingo Udaleko udalbatzak, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, euskararen aldeko mozioa onartu zuen udalbatzak. EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren botoz onartu zen, ahobatez. Honela dio:
“Beasaingo Udalaren adierazpena:
Gaur, azaroaren 26an, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperetan (abenduak 3), Beasaingo Udalak honako adierazpen instituzionala zabaldu nahi du.
Euskara, herritar guztion hizkuntza da, euskaldun egiten gaituena da, euskarak guztiok batu eta aberasten gaituen hizkuntza behar du, beraz. Beasaingo Udalak euskararen inguruan, adierazpen honen adostasun osoan oinarriturik, herritar eleaniztunak lortzeko pausoak egin nahi ditu.
Aurrerapauso garrantzitsuak egin dira euskararen normalizazio eta biziberritze bidean. Azken urte hauetan, euskarak hazkunde prozesua izan du, eta, neurri handian, biziberritu egin da. Hiru izan dira prozesu eredugarri honen zutabe nagusiak: herritar askoren engaiamendua euskararekiko, hezkuntza eta helduen euskalduntzea. Azken hamarkada hauetan, milaka eta milaka izan dira heldutan euskara ikastea erabaki duten herritarrak, eta milaka, baita ere, euskararen aldeko hautua eginez, euskararik jakin edo jakin ez, euren seme-alabak euskaraz hezteko aukera egin dutenak.
Beasaingo Udalak 2015eko abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunean,
euskarara hurbiltzeko hautua egin duten pertsonei aitormena egin nahi die, euskararenganako erakutsi duten atxikimendua eta hizkuntza hori ikasteko egin duten ahaleginarengatik. Euskararen biziberritze prozesua etengabe elikatzen dute pertsona horiek, eta haien guztien gogoa, kemena eta ahalegina aitortu eta omendu nahi ditugu.
Beasaingo Udalak berretsi nahi du
herritar eleaniztunak lortzeko helburua, uste baitu eleaniztasunak eragin ona duela gure gizartearentzat, bizikidetza demokratikoari eta gizarte-kohesioari begira. Bide beretik, udalak erraztasunak bilatuko ditu euskararen ezagumendua helarazteko ikasi nahi duten guztiei.
Halaber,
Beasaingo Udalak konpromisoa hartzen du euskararen erabileran normalizazioan urrats sendoak egiten jarraitzeko. Aurrera begira, erabilera baita gakoa eta Beasaingo Udalak hitzematen du aukera berriak irekiko dituela euskara erabiltzeko, eta horretarako, errespetatuko dituela hiztun guztien hizkuntza-eskubideak eta euskaraz egiteko askatasuna.
Erakundeei eta herritarrei dei egiten diegu elkarrekin aurrera segitzeko. Euskararen aldeko egoeran euskara da, beste ezer baino lehen, hizkuntza garaikidea, berritzailea eta gaurkotua, gure gizarteak erabiltzen eta sustatzen jarraitu behar duen”.