Garsabi elkarteak artzainak batzeko deia egin du, arkumeak modu duinean saltzeko
Arkumearen merkaturatzea hasi den honetan, Garsabi Arkume Sare Bilketa elkarteak sektorearen eta arkume salmentaren akordioaren inguruko argibideak eman ditu, gaur eguerdian, Zaldibiako Goizane eraikinean. Garsabik aurten ere modu bateratuan salduko ditu elkarteko kide diren 21 artzainen arkumeak —2.400 buru inguru, kanpaina osoan— eta ardi zaharrak —400 bat—.
Bateratzearen eta elkartzearen onurak nabarmendu dituzte Garsabiko lehendakari Arantxa Garaiburuk eta Latxa Esnea kooperatibako lehendakari Mariano Imazek. Elkartearen subastara lau erosle aurkeztu dira aurten, eta baldintza onenak —bai ekonomikoa, bai bilketa erraztasunak eta ordainketa ziurtasuna— eskaini dituenari eman diote kontratua.
Itunaren arabera, arkume salmentaren kanpaina zazpi epetan bereizi dute, eta tarte bakoitzerako arkume kiloaren prezioa zehaztu dute: 3,08 euro (urtarrilaren 7tik udaberrira bitartean) da gutxienekoa, eta 4,80 euro gehienekoa (Gabon aurreko hamar egunetan), gehi BEZa. Prezio horiek iazkoen azpitik daude, zenbait kasutan. Gabonak arteko epean, adibidez, iaz 0,70 euro gehiago ordaindu zen, kiloko. Gaur egun, artzainentzat arkumea ekoiztea ez dela errentagarria ohartarazi du Imazek. Neurriak hartzeko eskatu dio administrazioari. Aldi berean, artzainei ere elkartzeko eskatu die, “batera indar gehiago” daukatelako.
Horrez gain, 15 arkume buru baino gehiago kentzen dituztenei eroslea etxeraino joango zaie biltzera. Gutxiago dituztenei, inguruko artzainen etxalderen batean batzea proposatu diete. Ordainketa, berriz, “berehala” egingo dio erosleak artzainari, “edo beranduenez aste bateko atzerapenarekin”. Baldintza horien balioa nabarmendu dute.
Bestetik, administrazioari bertako produktuak babesteko eta merkaturatzeko ekinbideak eskatu dizkio Garsabik. Bertako arkumea goi mailako kalitatekoa den arren, %90 Euskal Herritik kanpora saltzen dela deitoratu dute. Aldiz, euskal kontsumitzaileek erosten duten arkumea kanpotik dator, “zer erosten duten ez dakitela. Ez da bidezkoa”, salatu dute.