Mairi elkarteko eskulanak herriko erakusleihoetan
Urretxu-Zumarragako erakusleihotan bada arreta erakartzen duen zerbait azken egunetan. Artez margotutako teila bat arropa denda batean, panpina bat pintura dendan, apaindutako zartagia elektrogailuenean… Mairi Emakumeen Elkarteko eskulanak dira. Bi Tartean
Urretxu-Zumarragako erakusleihotan bada arreta erakartzen duen zerbait azken egunetan. Artez margotutako teila bat arropa denda batean, panpina bat pintura dendan, apaindutako zartagia elektrogailuenean… Mairi Emakumeen Elkarteko eskulanak dira. Bi Tartean merkatari elkarteak proposatuta, beren lanak jarri dituzte herriko erakusleihotan. Guztira, 60 dendatan baino gehiagotan. Egitasmo honen helburua herriko elkarteei beren lanak erakusteko aukera ematea da, eta, bide batez, jendea denda txikietara erakartzea.
Mairi elkartekoen eskulanekin lotuta, lehiaketa bat ere antolatu dute. Bi Tarteaneko dendetan erosketak eginda parte har daiteke, eta horretarako bi galdera erantzun behar dira. Bata, sorginaren panpina zein dendatan dagoen. Bestea, guztira zenbat teila dauden erakuslehiotan. 50 euroko bi erosketa bale eta bi afari zozketatuko dituzte asmatzen dutenen artean.
Mairi elkarteak gustura hartu zuen Bi Tarteanek egindako gonbita. «Gure lana ezagutzera emateko modu bat da», adierazi du Mari Carmen Diezek, elkarteko lehendakariak. Datorren urtean 25 urte beteko ditu Mairik. Emakumeek elkartzeko eta elkarrekin denbora pasatzeko gune bat izan zezaten sortu zen elkartea, eta helburu berarekin jarraitzen du.
Sozializatzeko modu bat
Eskuak ez ezik, ahoa eta belarriak ere lanean izaten dituzte Mairin. Eskulanak egin bitartean, giro ederra izaten dute, asteburuko planak direla, telebistan ikusi duten programaren bat… «Etxetik atera eta bizitza soziala egiteko modu bat da guretzat», azaldu du Diezek. Era guztietako eskulanak egiten dituzte, gehienbat birziklatutako materialarekin. «Hemen ez da ezer botatzen».
Emakumeen elkargune modura sortu arren, gizonezko batzuk ere badaude elkartean. Guztira 180 kide inguru dira, eta interesa duen edonori irekita dago. Bazkide izateko urtean hamar euroko kuota ordaindu behar da, besterik ez.
Mota guztietako eskulanez gain, arratsaldetan ikastaroak ere egiten dituzte. Abenduan, esaterako, sukaldaritza eta joste tailerrak izango dituzte elkartean, Mila Guijarroren eskutik. Bestalde, hitzaldiak ere antolatzen dituzte, eta hilean behin kafe tertulia egiten duten Zelai Ariztin.