«Erlezaintza jasangarria eta salmenta lokala dira nere enpresaren oinarriak»
Gozatu izenez bataiatu du bere eztia Jon Etxeberriak (Ataun, 1971), eta asteazkenero izaten du salgai Ordiziako azokan. Erlezain eta eztigile da, baina ...
Gozatu izenez bataiatu du bere eztia Jon Etxeberriak (Ataun, 1971), eta asteazkenero izaten du salgai Ordiziako azokan. Erlezain eta eztigile da, baina datorren urteari begira bere produkzioa dibertsifikatzeko asmoa du, eta laster hasiko da erregina-jelea eta propolia egiten ere. Erleen hobekuntza genetikoa bultzatzen duen proiektu bateko partaide da.
Lanbide honekin hasi aurretik beste ogibide bat zenuen.
Urtetan Lizarrustiko parketxearen ardura eraman dut. Baina duela hiru urte sektorez aldatu eta erlezaintzari heldu nion. Aspalditik ezagutzen dudan mundua da, amaren osaba erlezaina izan zelako, eta erle batzuk ere bagenituen. Ikastaro batzuk egin, eta enpresa antolatzen hasi nintzen. Bi urte daramazkit produkzioarekin.
Nolakoa da zure enpresa?
Nire planteamendua erlezaintza jasangarriarena da. Erle gutxikin kalitatezko eztia ateratzea da nire helburua. Eta erlea bera mimatzeaz gain, baita produktua ere. Horixe da Gipuzkoan lantzen den erlezaintza. Erlategi txikiak dira oinarria.
Zuk non dituzu erleak?
Nik Nafarroara jo nuen, Sorladara, hemengoekin alderatuta, beste loraldi batzuk eta beste ezti batzuk egin daitezkeelako han. Ataunen ere baditut erlauntzak, eta hemen erregina-jelea eta polena ateratzekotan nabil. Beasainen ere badaukat beste erlategi bat, hurrengo urterako umeekin. Eta Zaldibian daukadana, Smartbees proiektuaren barrukoa da.
Zer da Smartbees?
Proiektu europearra da, Gipuzkoan erleen hobekuntza genetikoa bultzatzen duena. Hamar bat erlezain ari gara parte hartzen. Erle lasai baten bila gabiltza, gaitzei aurre erraz egingo diena. Hamabi erlauntz behar dira, eta Zaldibian dauzkat.
Erleak hortik zehar banatuta, eta produkzioa non?
Eztia Usurbilen daukagun eztiola batean ateratzen dut, baita ontziratu ere, baina badirudi laster Zaldibian Goizanen jarriko dela martxan beste bat.
Gozatu du izena zure eztiak.
Izenarekin gozoari egin nahi nion erreferentzia, eta baita nik lanbide honekin, erleekin egiten dudan lana gustuko dudala adierazi ere.
Barietate desberdinak dituzu.
Erromeroa, ezkaia edo tomiloa, Nafarroako milelorea eta mielatoa. Azken hau ezti berezia da. Erlauntzetatik dator, eztia bezala, baina loreen nektarretatik atera beharrean, erleek zuhaitzen izerditik ateratzen dute, kasu honetan Nafarroako arteetatik. Asko apreziatzen da eta ondo saldu da. Aurten 40 kilo besterik ez dut egin. Hurrengoan, gehiago.
Zenbateko produkzioa duzu?
Erleek lan asko egin dute, urtea epela izan delako. Ditudan 45 erlauntzekin 750 kilo ezti atera ditut. Espero dut datorren urtean 1.000 kilora iristea.
Negozioa handitzeko asmoz?
Bai. Iaz 12 erlauntzekin hasi nuen produkzioa, aurten 45ekin egin dut, eta datorren urtean 70ekin izango naiz.
Eta saldu, non egiten duzu?
Salmenta ere nik egiten dut, zuzenean; prozesu guztia, beraz, nik egiten dut. Iraileko feria bereziarekin hasi nintzen Ordiziako azokara joaten, eta asteazkenero han izaten naiz, eztia probatzera ematen, azalpenak ematen, eztia saltzen… Zuzeneko salmentari garrantzia handia ematen diot, eta azokak, gainera, bezero sarea zabaltzeko aukera eman dit.
Non gehiago eros daiteke eztia?
Ordizian Kixket tabernan, eta Beasainen laster hasiko naiz denda batean. Bi kontsumo taldetan ere saltzen dut, Beasainen eta Ataunen. Eta jendeak zuzenean ere eskatzen dit eta etxera eramaten diet.