Erribera goraka bidean
Nafarroa hegoaldeko euskalgintzak 157.000 euro jasoko ditu aurten Errigora kanpainari esker saldu diren 12.000tik gora saskiengatik. Norbanako eta enpresen artean, Goierrin 1.200 ...
Nafarroa hegoaldeko euskalgintzak 157.000 euro jasoko ditu aurten Errigora kanpainari esker saldu diren 12.000tik gora saskiengatik. Norbanako eta enpresen artean, Goierrin 1.200 sorta saldu dira, kopuru osoaren %10.
Errigoraren kanpaina aurreko bideoan lurraldea, ekoizpena, kontsumoa eta hizkuntza auzolanaren bidez lotuta ageri ziren, eta Errigorak poesia egin duela aipatzen zen. Gabriel Arestik zioen poesia «mailu bat» zela, «kontzientzia astintzeko tresna bat». Poetaren osagaiak dira kontzientzia eta hitza, eta Errigorarenak kontzientzia eta ekintza.
Filosofia horren isla izan da Errigoraren aurtengo kanpaina. Norbanaka, elkarte, erakunde eta enpresa bakoitzak egindako ekintza txiki horiekin 12.000 saski baino gehiago saldu dira aurten –horietatik 1.200 Goierrin, kopuru osoaren %10–, eta Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 157.000 euro bideratuko dira. Joan den larunbatean eman zituzten datuok Ablitasen (Nafarroa), sortak auzolanean prestatzen aritu ziren 140 boluntario bertan zirela.
Hiru helburu gauzatzeko
Ehunka euskal herritarrek erakutsi duten konpromisoari esker, hiru helburu nagusi gauzatzeko aukera izango da, Errigorako talde dinamizatzaileak adierazi duenez: Lodosako eta Vianako ikastolek bizirauteko ezinbestekoa duten laguntza ekonomikoa jasoko dute; Erriberako AEK-k ikasleentzako beka-fondoa handitu eta sustapen kanpaina bat gauzatzeko adina izango du; eta gainera, D eredua Nafarroa osora hedatzea helburu duten dinamikak diruz laguntzeko ere emango luke ekarpenak. Hartu eta emateko bidea goraka baitoa.