‘Etxeko ura’ kanpainak urtebete
Munduko edozein lekutan ez dute zorterik iturriko ura edan ahal izateko. Hemen bai, eta luxu hori balioan jartzeko helburuarekin, Etxeko ura izeneko kanpaina jarri zuten martxan iazko abenduan Urola Garaia
Munduko edozein lekutan ez dute zorterik iturriko ura edan ahal izateko. Hemen bai, eta luxu hori balioan jartzeko helburuarekin, Etxeko ura izeneko kanpaina jarri zuten martxan iazko abenduan Urola Garaia Mankomunitateko lau herrietan. Legazpiko, Ezkio-Itsasoko, Urretxuko eta Zumarragako 24 taberna eta jatetxe ari dira egitasmoan parte hartzen. Iturriko ura eskaintzen diete bezeroei, kanpainaren izena daraman pitxar batean. Datozen asteetan, bultzada berri bat emateko, etxean ura aurrezteko produktu sortak zozkatuko dituzte bezeroen artean.
Zozketan parte hartu ahal izateko, 24 taberna horietan jarri dituzten galdetegiak bete behar dira. Zortzi galdera ditu galdetegiak, uraren inguruko bitxikeriei buruzkoak. Esaterako: «Zerk pisatzen du gehiago, litro bat ur likidok ala litro bat ur izoztuk?». Galdetegia erantzuten duten guztien artean zozketatuko dituzte produktu sortak; ez dago erantzunak asmatu beharrik. Pitxar bat, iturrian jartzeko dosifikatzailea eta dutxarako kronometro bat ditu sorta bakoitzak. Abenduaren 10era arte bete daiteke galdetegia.
Balorazio positiboa
Uggasak eta lau udalek jarri zuten martxan kanpaina iaz, eta urtebeteren buruan balorazio positiboa egin dute. «Ostalarien aldetik oso erantzun ona jaso dugu, eta %62ak zazpi puntutik gora eman dizkio kanpainari», adierazi du Josune Makaiak, Uggasako iraunkortasun saileko arduradunak. Produktu sorten zozketarekin, kanpainari bultzada emateaz gain, eskerrak eman nahi dizkiete orain arte parte hartu duten ostalari eta beze-roei. «Ahalegina egin dutenekiko keinu bat da».
Urretxuko Navarro tabernako Jesus Mari Lucenak, esaterako, balorazio oso positiboa egiten du. Kanpaina hasi aurretik ere eskaintzen zuen iturriko ura, beste herrialde batzuetan horretarako ohitura zegoela zekielako. Lucenak zuzenean iturriko ura ateratzen du mahaira, eta bezeroak hala eskatzen dionean baino ez du botila ateratzen. «Bizpahiru urtean ez dut kexa bakar bat ere izan, bezeroak oso gustura daude».
«Bizpahiru urtean ez dut kexa bakar bat ere izan; bezeroak oso gustura daude»
Jesus Mari Lucena (Navarro jatetxea)«Gutxi gorabehera %50ak- edo eskatzen du iturriko ura, batez ere afaritan»
Noemi Distefano (Kortaberri jatetxea)
Lucenaren ustez, gainera, iturriko uraren alde apustu egin beharra dago, hemengo ura «oso kalitate onekoa» delako. «Dauzkagun baliabideak aprobetxatu behar ditugu». Izan ere, hemengo uraren kalitateari balioa emateaz gain, beste bi helburu ditu kanpainak: plastikozko botilak murriztea eta kontsumo kontzienteagoa egitea.
Zumarragako Kortaberri jatetxean ere eskaintzen dute iturriko ura. Bezeroak ura eskatzen duenean, botilakoa ala iturrikoa nahi duten galdetzen diete zerbitzariek. «Gutxi gorabehera %50ak edo eskatzen du iturrikoa», adierazi du Noemi Distefano langileak. «Afaritan eskatzen dute gehienbat, bai familiek bai kuadrillek».
Pizgarrien beharra
Goiko Kale tabernan, bestalde, ez dute hain balorazio ona egiten. Iturriko ura oso jende gutxik eskatzen duela adierazi du Clemente Araña ostalariak. «Gainera, guretzat galera ekonomikoa da iturriko ura eskaintzea». Erakundeek pizgarri bat eman beharko luketela uste du Arañak. «Adibidez, uraren tasan beherapen bat».
Makaiaren esanetan, oraindik asko dago egiteko. «Ostalariez gain, bezeroen inplikazioa lortzea ere oso garrantzitsua da; lotsa galdu behar dugu taberna eta jatetxeetan iturriko ura eskatzeko». Hori dela eta, aurrerantzean ere lanean jarraituko dute herritarrak uraren kalitateaz jabe daitezen, eta kontsumo arduratsuaren aldeko apustua egin dezaten.
TABERNAK ETA JATETXEAK
- Argindegi ostatua.
- Anduaga jatetxea.
Legazpi
- Goiherri jatetxea.
- Aitxuri jatetxea.
- Katilu taberna.
- Ibaiondo.
- Mandiola jatetxea.
- Mirandaola jatetxea.
- Elizondo.
Urretxu
- Hokaba taberna.
- Apain jatetxea.
- Navarro jatetxea.
- Zuhaizti taberna.
- Goiko-Kale taberna.
- Jai Alai taberna-jatetxea.
- Etxaburu merendalekua.
Zumarraga
- Txanpon aretoa.
- Kabia jatetxea.
- Bidezar taberna.
- Korta taberna.
- Alameda.
- Saski taberna.
- Kortaberri.
- Aranzazu jatetxea.