Igogailuaren leku aldaketaren ondoren, Ormak enpresarekin hitzarmen berria sinatu du Beasaingo Udalak. 80.000 euro aurreztuko ditu. EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin dira.
J. M. Iturrioz eta Joan XXIII kaleak lotuko dituen igogailuaren hitzarmena sinatu du Beasaingo Udalak Ormak S.L.U. enpresarekin. Azkeneko udalbatzan onartu zen hitzarmena, EAJren botoekin; EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Igogailuaren aurreko proiektua ere, Olaranen egitekoa zena, Ormak enpresa egitekoa zen.
Hitzarmen berriaren arabera, Ormak arduratuko da xehetasun azterlanen aldaketaz. Udala, berriz, exekuzioaz eta aldameneko urbanizazioaz arduratuko da.
Igogailua tokiz aldatzeak kostuak murriztu egin ditu eta igogailua egikaritu eta instalatzearen kostuaren portzentaia aldatu egingo da. Udalak, lehen, 174.659,29 euro (kostuaren %60) ordaindu behar bazituen, orain, 95.487,02 euro (%40) ordaindu beharko ditu. Ormakek bere aldetik, kostuaren %60a hartuko du bere gain, 143.230 euro. Udalak obra horretan 80.000 euro aurreztuko dituela nabarmendu zuen Aitor Aldasoro alkateak.
Abstentzioa
EH Bilduk eta PSE-EEk abstentzioa bozkatu zuten, igogailuaren proiektu berriaren inguruan informazio gutxi daukatela argudiatuz. «Argi utzi dugu, igogailuaren aurka ez gaudela», zehaztu zuen EH Bilduko Koldo Agirrek eta PSE-EEko Santi Urdapilletak. Baina «proiektuaren lau irudi jaso ditugu, eta ez dugu ulertzen konstruktorak guk baino lehen proiektua izatea. Uste dugu Hirigintza batzordeak konstruktorak baino lehenago eduki behar duela proiektua», gaineratu zuen Agirrek.