Egoitz Apaolaza, Asier Imaz eta Karmele Aierbe Madrilera bidean dira dagoneko.
Bihar hasiko da Madrilgo Auzitegi Nazionalean 35 euskal herritarren aurkako epaiketa, 2007ko urrian Segura izandako sarekada oinarri hartuta, 04/08 auzia. Batasuna, EAE-ANV eta EHAKko 35 kide epaituko dituzte. Tartean daude bost goierritar: Karmele Aierbe ataundarra, Egoitz Apaolaza segurarra, Peio Galvez zumarragarra, Asier Imaz idiazabaldarra eta Eusebio Lasa beasaindarra.
Aierbek eta Apaolazak bihar bertan deklaratuko dute; gainerako hiruak, datorren astean. 10 urteko kartzela zigorra eskatzen dute 35 auzipetuentzat. Martxora arte luzatuko da epaiketa.
Goierriko auzipetuen egoera
- Karmele Aierbek urte bete eta hiru hilabete egin zituen kartzelan. 10.000 euroko fidantza ordainduta gelditu zen libre.
- Egoitz Apaolaza Seguran atxilotu zuten baina libre gelditu zen 10.000 euro ordainduta.
- Peio Galvezek urte bete eta hiru hilabete egin zituen kartzelan eta 30.000 euroko fidantza ordainduta atera zen kartzelatik.
- Asier Imazek bi urte egin zituen kartzelan eta 15.000 euroko fidantza ordainduta gelditu zen libre.
- Eusebio Lasak bi urte egin zituen kartzelan eta 50.000 euroko fidantza ordaindu behar izan zuen kartzelatik ateratzeko.