Andonegi eta Arrieta, lehian. Argazkia: Oiangu
Oiangu pilota elkarteko bi biko aurrez aurre ariko dira Gipuzkoako pala motzeko txapelketan, bigarren mailan. Xabier Ibarguren eta Zuhaitz Letamendia gazteek, Jose Manuel Garrido eta Mikel Sanchez beteranoen kontra jokatuko dute. Final aurrekoa jokatuko dute, eta horrenbestez, Oianguko bi bikoteetako batek ziurtatuta du finaleko postua. Gainera, finalerako sailkatzen den bikoteak, datorren denboraldian lehen mailan aritzeko aukera izango du.
Ibarguren eta Letamendia partida zaila irabaztetik datoz; pasa den asteburuan, Andoaingo Gazteleku hartu zuten mendean, 40-35. Garridok eta Sanchezek berriz, galdu egin zuten Atxurbidekoen kontra. Beñat Ibarguren eta Imanol Olaran final erdien atarian gelditu dira, Oiartzunen kontra galduta.
Lehen mailan, Olaberrian
Lehen mailan berriz, Garikoitz Arrietak eta Azeari Andonegik «partida erabakiorra» jokatuko dute, Real Sociedad taldeko Lopez-Andueza bikotearen kontra. Partida ostiralean izango da, 20:30ean, Olaberriko pilotalekuan. Bikote goierritarrak bi puntuko aldearekin irabazi beharra dauka final erdietara sailkatzeko; bestela, jaitsiera fasea jokatu beharko dute.
Azkenik, hirugarren mailan, Goren Oiarbide eta Gorka Berasategik ligaxkako azken partida jokatuko dute, Urnietaren kontra. Etxean ariko dira, ostiralean, 21:00etan hasita.