Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute gaur Goierriko hainbat herritan. Euskaldun berriei aitortza egin nahi diete, euskararen mundura gerturatzeko egindako ahaleginagatik.
Urretxuko Mintzodromoa.
Euskarak 365 egun dituela esanez ospatu zuten iaz Euskararen Eguna. Aurten berriz, euskaldun berriei egin nahi zaie aitortza, haiekin batera, euskara ere egunero berritzen delako. Euskararen Egunaren jatorria, ordea, aspaldikoa da. Eusko Ikaskuntzak ezarri zuen data, 1949. urtean. Eta egun hori aukeratzeko, Xabierko Frantzisko deuna hil zen eguna, 1552ko abenduaren 3a hartu zuten mugarri moduan. 1995ean, berriz, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak egun hori instituzionalizatu egin zuten, Euskararen Nazioarteko Eguna izendatuz.
Hala, iraganari aitorpena eginez, baina begiak etorkizunean jarrita, euskara zabaltzen jarraitzeari ematen diote garrantzia erakunde zein instituzioek. Horregatik egin nahi izan diote aitortza euskaldun berriei, haiek egindako ahaleginari esker, euskara gero eta gehiago zabaltzea lortzen delako. Izan atzerritik etorriak, familia ez euskaldunetan jaioak edota euskara galdua dutenak, euskararen mundura gerturatzeko egiten duten ahalegina eskertu nahi dute; horregatik, Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak nahiz udalek bat egin dute
Eskerrik asko euskararen taupada izateagatik lemarekin. Hala, Eusko Jaurlaritzak egin duen proposamenari jarraiki, hainbat herritan, kale edo txokoren bati Euskaldun Berria izena jartzea adostu dute.
Goierrin dozenaka ekitaldi
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, dozenaka ekitaldi antolatu dituzte Goierriko herrietan. Guztira, 25 bat ekitaldi izango dira gaur bertan, eskualdeko 14 herritan. Aurtengo gaia euskaldun berrien aitortza dela ikusita, Legazpiko Zingi Zango euskara elkarteak, egitasmo berezi bat jarri du martxan. Herriko euskaldun berriei argazkiak atera eta herriko dendetako erakusleihoetan jarri dituzte ikusgai. Udalak ere, egunarekin bat eginez,
Guk Legazpin euskaraz egiten dugu… eta zuk? lema daraman bandera jarri du udaletxeko balkoian. Beasainen ere, euskaltegietako ikasleek hartuko dute protagonismoa, eta euskararen eguneko murala osatuko dute, plaza azpian.
Ordizian, berriz, bi egitasmo berezi prestatu dituzte gaurko. Goizean, herriko ikastetxeetako ikasleek zunba eta kantu saioa egingo dute. Arratsaldean,
Euskaraz bizi nahi dut lasterketa herrikoia egingo dute. Urretxun eta Zumarragan ere ikasleek hartuko dute protagonismoa, giza-katea eta kalejira eginaz. Eta Lazkaon, jaialdia egingo dute, dantzariek eta musikariek lagunduta.
Mintzodromoa
Euskararen egunarekin lotuta, bosgarren urtez Mintzodromoa egin dute asteburuan, Urretxu-Zumarragan. Berrogei lagunetik gora, tartean euskaldun zahar eta berriak, elkartu ziren Urretxuko udaletxepeko lokalean, elkarren artean euskaraz hitz egiteko. Bi herriotan 2013an euskararen kale erabilera neurtzeko egin zuen ikerketak dioenez, %23,4koa da euskararen kale erabilera Urretxun eta Zumarragan.
Ekitaldiak herriz herri
- Ataun: 18:30. San Gregorion, txalaparta, Ataungo bertsolari gazteak, Euskal Herrian Euskaraz kantua bateginik, dantza ikuskizuna, dokumentuaren irakurketa, kalejira.
- Beasain: 10:00-12:00. Euskaltegietako ikasleek murala egingo dute plaza azpian. 18:00-19:30. Herritarrek eta herriko elkarteetako kideek murala osatuko dute plaza azpian. 19:30ean taldeko argazkia aterako dute.
- Idiazabal: 17:30. Txokolate jana herriko plazan. 18:00. Euskaraokea. 19:00. Bertso paper lehiaketako sari banaketa. Ondoren, kantu poteoa.
- Itsasondo: 14:30. Mosaiko erraldoia plazan. Ondoren, euskal abestien emanaldia.
- Lazkao: 17:00. Buruhandiak Antzar Gazteak txistulariekin plazan. 17:30-19:30. Euskararen aldeko testu irakurketa eta ondoren erromeria Oin Arin dantza taldearekin, Lazkao Txiki musika eskolako ikasleekin, abesbatzarekin eta herritarrekin. Plazan. 18:30-19:30. Pintxopotean erromeria.
- Legazpi: Goizean. Haztegi ikastolan pregoia, jolasak eta kalejira egingo dituzte. DBHkoek, emanaldia eta ginkana ere egingo dituzte. 15:30. Domingo Agirre ikastetxean, euskararen aldeko mezuak, kantak eta koreografia egingo dituzte.
- Legorreta: 18:30. Haurrentzako jokoak. 19:00. Euskararen aldeko manifestua irakurriko dute. 19:15. Eleguneak egindako bideoaren aurkezpena.
- Ordizia: 11:00. Herriko ikastetxeetako haurrek euskararen aldeko kantak eta zunba saioa egingo dute, plaza nagusian. 18:15. Ordiziako kirolarien argazki erraldoia, plazan. 18:30. Euskaraz bizi nahi dut lasterketa herrikoia. 19:30. Elkarretaratzea plazan, Euskarak 365 egun lemapean.
- Segura: 18:30. Segurako San Joan ikastolaren sorreraren liburua aurkeztuko dute, kultur etxean. Ondoren, kantu-pintxo-poteoa.
- Urretxu-zumarraga: 10:45. Urretxu-Zumarragako Ikastolatik abiatu eta giza-katea osatuko dute, 11:30etarako. 12:00etan, Lizeoan bildu eta Euskal Herrian euskaraz abestuko dute denek elkarrekin. 11:00. Gainzuri ikastetxeko ikasleen kalejira, bi herrietako plazen artean. 13:30. Urola Garaiko Mankomunitateak merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko kanpaina aurkeztuko du.
- Zaldibia: Bihar, 19:00etan. Euskaraz Bizi Nahi Dut flashmoba grabatuko dute, plazan.
- Zegama: 18:00. Hesiak gainditzen dokumentala kultur etxean. Ondoren, mahai ingurua.