Javi Luzuriaga: «Argazkiekin bultzada txiki bat eman nahi diot nesken futbolari»
Astean zehar kamiolaria da Javi Luzuriaga (Zumarraga, 1970). Asteburuetan, ordea, kamera lepotik zintzilikatu eta futbol zelaietan pasatzen du eguna, neska futbolariei argazkiak ateratzen. Afizioz egiten du, bere bi zaletasunak uztartuz:
Astean zehar kamiolaria da Javi Luzuriaga (Zumarraga, 1970). Asteburuetan, ordea, kamera lepotik zintzilikatu eta futbol zelaietan pasatzen du eguna, neska futbolariei argazkiak ateratzen. Afizioz egiten du, bere bi zaletasunak uztartuz: nesken futbola, eta argazkilaritza. Argixaon hasi zen argazkiak ateratzen, duela hamar bat urte. Gaur egun Gipuzkoa mailan ateratzen ditu, baina fubolarien artean Javi Urola izenarekin ezagutzen dute oraindik.
Nolatan hasi zinen nesken futboleko argazkiak ateratzen?
Nesken futbolarekin harremanen bat izan behar duzu honetan hasteko, bestela ez da ohikoa. Nire kasuan, alabaren bidez izan nuen nesken futbola barrutik ezagutzeko aukera. Urolan jokatzen hasi zen, eta partidak ikustera joaten nintzen. Beste neska baten aita ikusi nuen kamerarekin, eta pentsatu nuen ideia ona zela. Hala, ni ere partidetan argazkiak ateratzen hasi nintzen. Hasieran bere taldeari baino ez nizkion ateratzen, baina gero beste taldeetakoei ere bai.
Eta nola iritsi zinen Urolako gainontzeko taldeen artean ere ezaguna izatera?
Ikusi nuen gaztetxoei ilusioa egiten ziela nik argazkiak ateratzeak. Orduan, Tuenti sare sozialean kontu bat ireki nuen Javi Urola izenarekin, eta argazkiak bertara igotzen nituen, jokalariek har zitzaten. Gutxika nire Tuentiko kontua ezaguna egiten hasi zen, eta jokalariek eskatu egiten zidaten partidetara joan eta argazkiak ateratzeko.
Orain Gipuzkoa mailan ere ateratzen dituzu argazkiak.
Alabak Oiartzungo taldean jokatzen du, orain Beasaini utzita badago ere. Alaba Urolatik kanpo irten zenean hasi nintzen ni ere irtetzen, eta nesken futbolaren zale bihurtu naiz. Mutilen futbola ikustera ere joaten naiz noizbehinka, baina nire argazkien %98 nesken futbol partidetan ateratakoak dira. Hasieran alabak jokatzen zuenean bakarrik joaten nintzen argazkiak ateratzera, baina orain edozein partidatara joaten naiz. Asteburu batzuetan hiru edo lau partida ikustera ere iristen naiz.
Nesken futbolari buruzko webgune ezagunetan ikus daitezke zure argazkiak. Eskatu egiten dizkizute?
ligasfutbolfemenino.com webgunearekin kolaboratzen dut. Baina nire gogoz egiten dudan lan bat da. Nahi dudan partidetara joaten naiz, eta gero argazkiak bidaltzen dizkiet, baina inongo loturarik gabe. Gipuzkoa Futbol webgunean ere jartzen dituzte nire argazkiak, eta prentsatik ere eskatu izan dizkidate. Baina niretzat zaletasun bat da, ez ofizioa. Ni kamioilaria naiz.
Zein talderi ateratzen dizkiezu argazkiak?
Azkenaldian asko Oiartzungo taldeari, lehenengo mailara igo baitira aurten. Realeko neskei ere ateratzen dizkiet. Eta gero beste edozeini; aurrekoan, esaterako Irungo taldearen partiduan egon nintzen.
Eta zergatik ateratzen dituzu nesken partidetako argazkiak bakarrik?
Gehiago merezi dutela uste dut, ez dituztelako mutilak bezainbeste baloratzen. Esaldi matxista asko entzun ditut zelaietan. Esaterako: «neskak izateko ez dute gaizki egiten». Edo, mutilak zelaira ateratzeko zain egon, eta horrelakoren bat: «hauek jokatzen bukatu arte itxaron behar dugu?». Eta gauza horiek neure onetik ateratzen naute. Nik gozatu egiten dut nesken partidak ikusten. Jokaldi askoren argazkiak galtzen ditut, ikusi egin nahi ditudalako. Maila altua dute, eta merezi du ikustera joateak. Bi zaletasun bateratzea lortu dut: argazkilaritza eta nesken futbola.
Nesken futbola ez dago baloratuta, hortaz?
Inondik ere ez. Argazkiak ateratzeak ikusgarritasuna ematen die, behintzat, eta jokalariek eskertzen didate. Lehen aipatutako webguneez gaiz, nire Facebook eta Twitter kontuetan igotzen ditut argazkiak, eta ondorioz jende askok ikusten ditu. Argazkiekin bultzada txiki bat eman nahi diot nesken futbolari; nire hondar alea jartzen dut, nesken futbolak ikusgarritasuna izan dezan.
Zer du berezia nesken futbolak?
Ikustera joan behar da jakiteko. Neska futbolariak oso gertukoak dira, nahiz eta lehenengo mailakoak izan. Oso gutxi kobratzen dute, eta humilagoak dira. Ni maitasun handiz tratatzen naute. Uste dut mutilen partidetara joango banintz, jokalariek ez ninduketela horrela tratatuko. Eta, horrez gain, maila altua dago. Jendeak ez du baloratzen. Dena den, uste dut medioak gutxika ari direla nesken kirolari kasu gehiago egiten.
Ordaintzen dizute argazkiak egiteagatik?
Ez, afizio modura egiten dut. Jokalariek erakusten didaten esker onarekin nahikoa eta soberan dut. Horrek konpentsatzen du nire lana. Asteburuetan, familiarekin beste planik ez badut, partidetara joatea izaten da nire plana. Argazkiak atera, ordenagailuan apur bat editatu, sare sozialetara igo… horrela pasatzen dut asteburua, eta gozatu egiten dut.
Javi Urola izena mantentzen duzu oraindik, ezta?
Hasieran Tuentirako izen bat baino ez zen, baina interneten eta jokalarien artean izen horrekin ezagutzen naute orain. Askok ez dute jakingo nire abizena Luzuriaga denik ere.
Argazkilari bezala, zein da zure berezitasuna?
Ez nuke jakingo esaten. Hori bai, askoz argazki hobeak ateratzen ditut jokatzen ari direnean, taldeko argazkiak baino. Jendea harritu egiten da, baina errazagoa egiten zait mugimendua duten argazkiak ateratzea. Ez dakit zergatik.
Alabak zer esaten dizu?
Berari gutxiago ateratzen dizkiodala esaten dit. Nahiago izaten dut jokatzen ikusi, eta orduan argazkia ateratzeko aukera galtzen dut. Konturatzen naiz berak jokatzen duen partidetan argazki gutxiago eta okerragoak ateratzen ditudala, partida ikusi nahi izaten dudalako. Baina ezin du kexatu, bere argazki mordoa ditu.
Baduzu asmorik etorkizunean beste alor bateko argazkiak ateratzeko, futbolekoez gain?
Ez. Proposatu izan didate Realeko mutilei argazkiak ateratzeko, baina ez dut horretarako beharko nukeen baliabiderik, eta denborarik ere ez. Horrek, gainera, ordutegi finko bat ezarriko lidake, eta ez nuke edukiko zein partidatara joan nahi dudan aukeratzeko askatasuna.