Ataunen astebukaera honetan egingo dute, San Gregoriko Elkargunean; Lazkaon, Ordizian, Beasainen eta Seguran, hurrengoan
Euskarazko liburu eta disko azoken Goierriko garaia iritsi da. Durangokoa pasatuta, eta egutegiaren eskakizunengatik, aurten bi asteburutan banatuko dituzte bost herritako azokak. Denak elkarlanean ari dira antolatzen, hala ere.
Ataunen astebukaera honetan izango da liburu azoka, auzoak txandatuz joan ohi direnez, aurten San Gregorion. Ostiralean (etzi) 18:00etan zabalduko dute; ondoren, larunbatean goiz eta arratsalde (eguerdian itxita), eta igandean goizez egongo da irekita. “Abenduaren 20an hauteskundeak direnez, areto bera bozkaleku izaten denez, ezin genuen orduan egin”, azaldu dute Ataungo antolatzaileek.
Goierriko liburu azokak aurkezten, gaur, Ordizian: Aitor Aldasoro (Ataun), Xabier Albisu (Segura), Alaitz Aierbe (Ordizia), Joxepa Madariaga (Lazkao) eta Maitane Legarreta (Beasain)./Aimar Maiz
Gainontzeko lau herrietan, berriz, abenduaren 18tik 20ra izango dira liburu azokak. Seguran Botika Xaharra kulturgunean atonduko dute, Beasainen Gernika Pasealekuko zuhaiztian, frontoiaren alboan karpa bat jarrita; Ordizian Barrena kultur etxearen atarian; eta Lazkaon plazako frontoian. Aurkezpenak, literatura-errezitaldiak eta solasaldiak izango dira, jai giroko gauza gehiagorekin batear.
Liburu azokak gaur goizean aurkeztu dituzte bost herrietako antolatzaileek. “Azokak batzen gaitu”, adierazi dute.