Bihar, Zaldibian eta Lazkaon; ostiralean Idiazabalen eta larunbatean Urretxu-Zumarragan eta Araman. Sinadura bilketa hasiko dute galdeketari «bermea emateko»
Azaroaren 28an Lazkaoko Arerian egin zen erabakitzeko eskubidearen inguruko herri galdeketaren aurkezpen ofizialaren ondoren, datozen egunetan herriz herri aurkezpenak egingo ditu Gure Esku Dagok, herri galdeketa prestatzeko prozesuaren berri emateko. Aste honetan, esate baterako, Lazkaon, Zaldibian, Idiazabalen, Urretxun eta Zumarragan eta Araman jarri dituzte aurkezpenetarako hitzorduak.
Ekainaren 19ra bitarteko plangintza eta prozesua aurkezteaz gain, goierritarrak prozesuan parte hartzera gonbidatu nahi dituzte. Izan ere, herri galdeketaren prozesuan goierritarrak protagonista izatea nahi du Gure Esku Dagok, prozesua bera elkargune bilakatuz.
Gure Esku Dagotik jakinarazi dutenez, herrietako batzordeetan eta lantaldeetan lan asko dago egiteko ekainaren 19ra bitartean. Lantaldeei dagokienean, zortzi antolatu dituzte: Komunikazioa, Diruzaintza, Galdera Taldea, Ekintzak, Ha- rremanak, Herrien Koordinazioa, Datu Baseen Bermea eta Galdeketa Eguna.
Herrietako taldeetan eta lan taldeetan parte hartzeko,
goierri@gureeskudago.eus helbidera idatzi daiteke mezua.
Sinadura bilketa
Behin herrietan aurkezpenak eginda, otsailera bitartean, sinadura bilketa hasiko dute herriz herri. Erabakitzeko eskubidearen herri galdeketari «bermea eman» nahi zaio sinadurekin. Biztanleriaren arabera gutxieneko batera iritsi beharko da galdeketa bidera dadin.
Giroa berotzen joateko hainbat ekintza egingo dituzte herrietan. Abenduaren 24an, adibidez, Beasainen, kandelekin mosaikoa osatuko dute.
Apirilera bitartean adostu
Otsailetik apirilera bitartean lantaldeen aurkezpenak egin eta «adosteko» fasea hasiko dute. Herriz herri galdeketarako galderaren proposamenak jaso eta galdera adostuko dute. Apiril erdialdera aurkeztuko da galdera.