Jon Urteaga Peio Olaberria Jokin Mujika Oinatz Munduate Aitor Garmendia. Elitea, idiazabaldarra 23 urtez azpi., mutiloarra Master 50, itsasondoarra Master 30, idiazabaldarra Kadetea, itsasondoarra
Jon Urteaga idiazabaldarra oso gustura gelditu zen atzo Beasaingo lasterketan lortutako emaitzarekin. Elite mailako lasterketan hamalaugarren postuan bukatu zuen. Gipuzkoako txapelketan, dena den, hirugarrena izan zen eta dominarekin itzuli zen etxera:...
Peio Olaberria mutiloarrak lasterketa hasi aurretik aitortu zuenez, «lasai» etorri zen Beasaingo lasterketara: «Orain hasi naiz entrenatzen eta ez nago oraindik batere ondo. Ziklo kroseko lehenengo proba da gainera, eta inguruko karrera izanda, gozatzeko asmoarekin etorri naiz».
Lasterketa hasita, ordea, lehenengo postuetan jarri zen berehala Olaberria. Azkenean, 23 urtez azpikoen sailkapen orokorrean bigarrena izan zen. Horrekin batera, Gipuzkoako txapela ere jantzi zuen. Bukaeran, oso gustura, irribartsu zegoen mutiloarra: «Fuerte samar hasi naiz. Ia ahaztuta nengoen ziklo krosa zer zen. Eta oso gustura nago».
Ohi bezala, irribarrea ere ahotik kendu gabe zegoen Jokin Mujika ere. Master 50 mailan lehiatu zen. Hirugarrena izan zen sailkapen orokorrean; Gipuzkoakoan, berriz, bigarrena: «Esprintean irabazi dit Aitor Zabaleta legazpiarrak. Bukaerara arte bo- rrokan aritu gara». Aurten ahulxeago dagoela aitortu zuen, eta atzokoan helburua, «borrokatzea» zela esan zuen. Izan ere, «ilusioa egiten du herrian korritzeak. Animatzen jende asko zegoen. Oso polita izan da».
Ibilbidea gogorra iruditu zaio: «Aldapak gogortzen zuen. Baina Beasainek ez du askoz ere aukera gehiago horrelako lasterketa bat antolatzeko». Ikusteko ere lasteketa polita iruditu zaio Beasaingoa. «Giro polita sortu da. Beasaingo herri batek merezi du horrelako karrera bat».
Azkenekoz duela 33 urte jokatu zen ziklo kros proba eta Jokin Mujikak bertan parte hartu zuen. «Orduan beste ibilbide bat zen».
Oinatz Munduate idiazabaldarrak ere txapela lortu zuen Beasaingo lasterketan: Gipuzkoako txapelduna da, Master 30 mailan. «Bigarrena ere gertuan izan dut baina irabaztea lortu dut azkenean. Oso gustura nago», aitortu zuen Munduatek. Guztiek zioten bezala, oso lasterketa gogorra iruditu zitzaion. «Lehorrean oso gogorra egin da eta lokatzarekin izugarria izango litzateke». Hamabost egun barru Legazpin jokatuko den Euskadiko txapelketan jarria du orain burua.
Aitor Garmendia itsasondoar gaztea gustura zen kadete mailako Gipuzkoako txapelarekin. «Zortea izan» duela aitortu du. «Aldapa handiak zeuden ibilbidean eta oso gogorra izan da». Dena den, aurtengo ziklo krosean «nahiko denboraldi ona» egiten ari dela aitortu zuen.