Leonardo Esnaola misiolari lazkaotarra hil da, 83 urterekin
Gaur hil da, Donostiako Seminarioko apaizen egoitzan, Leonardo Esnaola Ollakindia apaiza eta misiolaria. 83 urte zituen. Lazkaon jaioa 1932an, bizitza erdia misioetan lanean jardun zuen; Angolan lehenengo bi urte, eta 1962tik Ruandan. Bihotzean zuen Afrikako Ruanda, eta laguntza asko eta proiektu solidarioak bideatu zituen han.
Elizbarrutien Misio taldeak 1962tik 2001era mantendu zuen Ruandako misioa, 13 apaizekin. Haien tartean izan zen Esnaola. 1990ean gerra lehertu zen, eta 1994an giza-sarraskia eragin zuen etnien arteko borrokak. Esnaolak han segitu zuen bizitzen eta lanean, ordea; urte batzuk geroago Ruandatik irtetera behartu zituzten agintariek, arrisku handiegia zutela eta —Ruandako Frente Aberkoiak genozidatzat hartu zituen, haien arerioak ere artatzen zituztelako misioan—. Berriz itzuli ziren, hala ere. 2000n Isidro Uzkudun laguna eta misiokidea hil zieten, baita 2002an Joxe Ramon Amunarriz ere, ustezko istripu batean.
Esnaola 2001ean itzuli zen Ruandatik. Baina ez zuen ahaztu. “Ruanda zuen beti buruan. Zeukana hara bidaltzen zuen”, dio Esnaolaren senitarteko Joxerra Lasak. Elkartasun hazia lehenagotik ernea zen Lazkaon bertan. Bi lagun —Txomin Barandiaran eta Jokin Izagirre— 1995ean joan zitzaizkion Esnaolari bisitan, eta harrezkero haiek hartu zuten lankidetza programak diruz hornitzeko eta azpiegiturak eraikitzeko zeregina.
Gaur egun, Rwanda Taldea arduratzen da —ostiralean hasiko dute 17. elkartasun egitaraua—. “Leonardok engantxatu gintuen gu, lehen urte hartan. Misio Ordezkaritzaren bidez Lazkaoko Udalak diru laguntza bat bidaltzen zion orduan. Gero gu hasi ginen bideratzen, eta hurrena kaleko umeen ikas-txokoa eta sortu genituen, Olaberriko Udalaren-eta laguntzarekin”, dio Barandiaranek. “Gure pauso guztietan bera izan da izarra”.
Leonardo Esnaola Bergaran (Gipuzkoa) apaiz izan zen azken urteetan, erabat erretiratu eta Seminarioko egoitzara joan zen arte. Haren aldeko hileta elizkizuna bihar, osteguna, 19:00etan izango da Lazkaoko San Migel elizan.