EH Bilduk Beasaingo udal arkitektuaren lehiaketaren aurka jarritako helegitea onartu dute
EAEko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak bertan behera utzi du lehiaketa. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak ere helegitea aurkeztu zuen
Beasaingo Udaleko EH Bilduko zinegotziek helegitea jarri zuten irailaren 24ko gobernu batzordean onartutako «udaleko arkitektoa eta hirigintza aholkulari juridikoa kontratatzeko lehiaketa pleguaren» aurka. Besteak beste, adjudikazioaren irizpideak orokorregiak zirela argudiatu zuten. Lehiaketa horren aurka egoteko beste arrazoi bat ere badu EH Bilduk: «Behin eta berriz adierazi dugun bezala, Udalak arkitekto plaza finkoa eduki behar duela uste dugu».
Eusko Jaurlaritzarena den Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren (KEAO) aurrean aurkeztu zuen EH Bilduk helegitea. Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak ere helegitea aurkeztu zuela jakinarazi du EH Bilduk. Koldo Agirre eta Aitor Larburu zinegotziek gaur prentsaurrean adierazi zutenez,«azaroaren 27ko KEAOren ebazpenak dioenez, legearen kontrakotzat jo du Beasaingo Udalak onartutako plegua, eta ondorioz, lehiaketa bertan behera utzi du». Adjudikaziorako irizpideak hain orokorrak ezin direla esan argudiatu dute, «adjudikatzaileak arbitrarioki jokatzea ahalbidetu dezakeelako», dio ebazpenak.
Biharko Goierriko Hitzan informazio gehiago.