Urola Garaia Mankomunitateko lau herrietako 17 establezimenduk (taberna eta jatetxek) hartu dute parte ekimen honetan
‘Etxeko Ura’ kanpainagatik 17 pertsona saritu ditu Ugassa garapen agentziak
‘Etxeko Ura’ kanpainaren
oinarria Gipuzkoako urari balorea ematea eta bere kontsumoa bultzatzea da. Horrela, ura botilan kontsumitzen den guneetan, ur botila horiek ur pitxarrengatik ordezkatzea lortu nahi dute. Urola Garaia Mankomunitateko lau herrietako
17 establezimenduk (taberna eta jatetxek) hartu dute parte ekimen honetan. Lokal horietan kontsumitu duten 302 bezerok zozketa batean hartu dute parte, eta
17 izan dira sarituak (taberna edo jatetxe bakoitzeko pertsona bat). Sarituek ur pitxarra bana, aireatzailea (uraren presioa handitzean da ur emaria murriztuz) eta dutxako kronometroa biltzen duen kit bat jaso dute.
Ezkio-Itsasoko, Urretxuko, Legazpiko eta Zumarragako udal ordezkariak, eta
Kutxa Ekoguneako ordezkaria eta
Uggasako teknikaria ere izan ziren asteartean Ezkio-Itsason egindako sari banaketan. Guztiek nabarmendu zuten etxeko ura erabiltzearen garrantzia, eta parte hartzailek izan zuten jarrera eskertu zuten.
Kanpainaren onurak
Gipuzkoako partaidetza handiena izan du Urola-Garaiak; hain zuzen ere, ia %50ekoa.
Kanpaina “positiboa” izan dela nabarmendu zuten ordezkariek. Izan ere, parte hartu duen %62ak zazpi puntu baino gehiago eman dizkio kanpainari, beraz, positiboki baloratu dute. Horrekin batera, uste dute kanpainak zeresana emango duela. Finean, etxeko ura kontsumitzeak gizartearen ingurumenean onura egiten duela adierazi dute, eta izan daitezkeen ‘lotsa’ horiek kendu egin behar direla. Taberna zen jatetxeetan iturriko ura eskatzeko gonbita luzatu zuten.
Guztiak bat eginda
Zumarragako zinegotzi Antonio Navarrok adierazi zuen kontsumitzaileen ohiturak aldatzean dagoela gakoa. Maitane Alvarez Kutxa Ekoguneako ordezkariak, berriz, kanpainaren nondik norakoak azaldu zituen. 2012. urteko udan hasi zen, Kutxa Ekogunearen eta Ur agentziaren arteko lankidetza gisa. Legazpiko zinegotzi Eric Galvezek hiru hitz aipatu zituen, bereziki: murriztu, berrerabili eta birziklatu. Lehenengo helburua hondakinak murriztea izan behar dela esan zuen, eta zerbait erosi aurretik bakoitzak bere buruari galdetu behar diola ea benetan behar duen hori edo ez. Bigarren, berrerabili. Berrerabiltzeak produktuaren “‘balio-bizitza” luzatzen duela aipatu zuen, eta objektu bat konpontzeko modua edo hondatu aurretik beste erabilera bat ematea bilatzen du. Azkenik, birziklatzea dago, helburua hondakinak produktu berriak lortzeko erabiltzea izanik. Hiru hitz horiei jarraitu behar zaiola nabarmendu zuen. Jon Albisua Urretxuko zinegotziak bezeroak animatu zituen kanilako ura eskatzera, eta Urola Garaiko taberna eta jatetxeen bezeroen inplikazioa nabarmendu zuen. Sari banaketa hasi baino lehen Ezkio-Itsasoko Gorka Sasieta alkateak adierazi zuen gizartea era dibertigarri batean sentsibilizatzeko asmoa izan duela kanpainak, eta “ezin izan zaretenoi gerturatu beste modu batean bidaliko dizuegu saria“.